Bergararren "ongizatea hobetzea helburu" duen Udalak "ezinbesteko" ikusten du asmo bera duten taldeei eta eragileei laguntzak ematea. Testuinguru horren bueltan, 2017ko diru-laguntzen programa abian jarri berri dute; bost diru-laguntza lerroetan zazpi deialdi batu dituzte, Gobernuz Kanpoko Erakundeei, gizarte-taldeei, gazteei, kultura-taldeei, kirol-elkarteei, ingurumen arloko taldeei eta enpresei zuzenduta. Honako hau da banaketa:
Gizarte zerbitzuetan:
- GKE-ei 55.250 euro.
- Gizarte taldeei edo eragileei, 29.750 euro.
- Gazteek alokairua ordaindu ahal izateko 30.000 euro bideratu dira: "Laguntza hau lehenbizikoz ematen da. Udalak esfortzu berezia egin du horretarako, gazteak lagundu nahi dituelako. Herriko gazteek gurasoen etxetik joan eta bakarrik bizitzeko zailtasunen aurrean, Udalak pauso hori ematea erabaki du".
Kultura taldeei 39.200 euro.
Kirol arloan, 89.500 euro elkarteei laguntzeko.
Ingurumenean, 3.000 euro jarri dira taldeentzat.
Ekonomia-sustapenean, 30.000 euroko partida jarri da enpresei laguntzeko: "Krisi ekonomikoak zuzenean eragin die enpresei, eta egoera zailari aurre egiteko, ezinbestekoa da laguntza eskaintzea. Horregatik, 30.000 euroak azterketa teknologikoak egitera bideratuko dira. Azterketa horiekin, gure enpresen lehiakortasuna hobetu gura da, merkatuan posizionamendu hobea lor dezaten".
Bete beharreko baldintzak
Eskatzaileek bete beharreko baldintzei dagokienez, taldeen zein eragileen kasuan batik bat, ingurumen- eta berdintasun-baldintzak ezarri dira. Bi ildo horiek "estrategikoak" dira Udal Gobernuarentzat eta horregatik erabaki da baldintza orokorretan sartzea.
Laguntza bakoitzeko oinarriak eta eskaera-orriak udaletxean eta Udal webgunean aurki daitezke. Eskaerak uztailak 21era bitartean egin daitezke udaletxean. Salbuespena gazteentzako laguntzak dira, horiek urte osoa dutelako eskaera aurkezteko.