Ikusmin handia piztu du Patxi Larrañagaren liburuak

Jokin Bereziartua Lizarazu 2017ko uzt. 1a, 15:58

Txiki geratu da Bergarako udaletxeko osoko bilkuren aretoa Patxi Larrañagaren (Soraluze, 1948) Abizenak, leinuak eta oinetxeak liburuaren aurkezpenean. Larrañagarekin batera, Oñatiko eta Bergarako artxiboko arduradunek, Anaje Narbaizak eta Bergarako alkate Elena Letek hartu dute hitza.

Bergarako alkate Elena Leterendako "ohore bat" da halako "talde eder batekin" batu ahal izatea: "Liburua aurkeztea bera oso pozgarria da eta are gehiago aurkezpena hemen egitea. Patxiri bizitzak berriro asmatu behar izateko aukera eskaini zion eta kikildu beharrean handitu egin zen. Zaletasuna aurretik zuen, baina horren ondorioz liburu eder hau jaso dugu Bergarako historia hobeto ezagutzeko".

Memoria historikorako ekarpena

"Memoria historikoa aipatzen dugu, gauza asko pasatu dira, eta horiek guztiak berreskuratu egin behar dira. Bada, Patxik egin duen lana hor kokatuko nuke; gure memoria historikoaren berreskurapenean lan inportante bat da, beste batzuek jarraitu beharko dutena", adierazi du aurkezpenera "baserritar moduan" gerturatu den Anaje Narbaizak.

Horrekin batera, halako lanek preziorik ez dutela gaineratu du Narbaizak: "Halako lanak ezin dira gaur egungo diru-truke ereduan ordaindu. Halako lanak errekonozitu, irakurri eta norbera janzteko erabili behar dira. Halako liburu batek aberastasuna dakarkigu". Amaitzeko, liburua irakurtzera animatu ditu herritarrak: "Animatu nahi zaituztet zuen izenarekin, abizenarekin edo inguruko ezagunen abizenekin zein etxeekin disfrutatzera, asko ikasiko duzue-eta".

Oñatiko artxiboko Ramon Martinek, besteak beste, Larrañagaren liburuak duen balioa goretsi du: "Memoriak lantzea behar du. Eta memoria landu behar dela esaten dugunean ez da esan nahi denok Patxik egindako liburu bat idatzi behar dugunik, baizik jakiteko grina izatea klabea da gaur egungo hainbat eta hainbat kontu ulertzeko".

"Erreferentzia-liburua"

Larrañagak berak liburuaren edukia azaltzen hasi aurretik Bergarako Udal artxiboko arduradun Arantzazu Oregik ere hartu hitza: "Erreferentzia-liburu bat izango dela uste dut, beste ikerketa batzuetan erabilgarria izango dena. Orain jendeak eskatzen digu informazioa Mexikotik, Argentinatik... Eta Patxiren datuei esker erantzun bat emateko moduan gaude".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak