Bergarako Kultura sailak antolatzen du 2000.urtetik ekimen hau eta, hamaika urte geroago, 2011. urtean 'Berumuga' izena jarri zitzaion. Geroztik, urtez urte, indarra hartzen joan den ziklo honek, bluesa, swinga, jazza, funkya, eta abarreko musika estiloak biltzen ditu.
Gaztelupeko Hotsak arduratzen da ziklo honetan parte hartzen duten musikariak lortzeaz eta, horiek kalitate handikoak dira. Gainera musikariak, atzerritarrak, Estatukoak eta Autonomi Erkidegokoak izan ohi dira.
Aurtengo emanaldiak
Uztaileko Berumuga zikloa Shaun Booker abeslari amerikarrak irekiko du hilaren zazpian, egubakoitza. "Oso polita da bera entzutea eta interesantea gainera, B serieko abeslari oso indartsua da bera, jaialdi askotan izan dena", esan du Uziak. Berarekin batera, madrilgo Tonky Blues Band izango da. Uztaileko bigarren barikuan, 14an, ibilbide luzea duen The Allnighter talde gasteiztarrak joko du. Izan ere, antolakuntzatik bertako musikariei tarte bat eskaintzen saiatzen baita. Ziklo honetan parte hartuko duen hirugarren musikaria Stacie Collins abeslari amerikarra da: "Oso harrigarria da hura ikustea; bluesa hain ondo abesten duen emakume baita", esan du antolatzaileak. Azkenik, eta, amaitzeko, Hendrik Rover & Los Miticos GT´s izango dira Berumugan, hilaren 28an.