Gurean; Bergarako turismoa eta merkataritza hauspotzeko aplikazioa

Xabi Gorostidi 2017ko eka. 29a, 15:40

Udalak, Bedelkarrek, Tokikomek eta Goienak elkarlanean sortu dute, Foru Aldundiaren laguntzarekin. Beacon teknologia baliatuz herritarrei eta bisitariei informazio praktikoa helarazteko asmoz garatu dute, eta herritarrei deskargatzeko eta probatzeko dei egin diete, denen ekarpenekin aplikazioa eraginkorragoa izateko.

Bergarako kaleetan estrategikoki banatutako 50 baliza jarri dituzte, bertatik igarotzean mugikorretara informazio bidaltzeko. Horretarako, baina, beharrezkoa izango da aurrez aplikazioa deskargatzea. Uztaila erdira arte proba fasean egongo da, eta ekonomia, sustapen, enplegu eta turismo batzordeburu den Sabino Azkaratek herritarrak animatu ditu aplikazioa deskargatzera eta euren ekarpenak egitera.

Deskargatzeko bide ugari

Aplikazioa hainbat modutara deskargatu daiteke; Bedelkarreko dendatan eta herriko eraikin publikotan jarritako QR kode bidez, web orriaren bidez, edota APP Store edo Google Play-en bilaketa eginez. Ekarpenak egin nahi dituztenek twitter bidez #GureanBergara traola erabili beharko dute.

Bedelkarren izenean Maitane Azkaratek hartu du hitza. Teknologia berriek eskaintzen dituzten abantailak baliatu nahian dabiltzala esan du, eta bide horretan aurrera egiteko tresna aproposa izatea espero du.

Beste herri batzuetara esportatzeko egarriz

Tokikom-eko zuzendaria den Alaitz Artolazabal ere bertan izan da, eta Tokikom osatzen duten beste herri batzuetako komunitatea handi horri Bergara ezagutarazteko interesgarria izan daitekeela nabarmendu du. 

Amaitzeko Mireia Larrañaga Goienako arlo komertzialeko arduradunak azpimarratu du, Goienaren misioarekin bete-betean bat egiten duen egitasmoa dela, eta gaineratu du Tokikom heltzen den gainontzeko herrietara esportatzeko egitasmoa izan daitekeela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak