goiena.eus

Harrotasuna kalera atera dute

  Gizartea  Bergara

LGTBI+ harrotasun eguna izan zen atzo, ekainak 28, eta Bergarako kaleetan ehunka pertsona batu ziren Debagoieneko Koordinadora Transmarikabollofeministak egindako bailara mailako manifestaziora. Nire identitatea ez dago hanka tartean, transfobiarik ez! lelopean, transexualen kolektiboak pairatzen dituen erasoak salatu eta eurekiko elkartasuna adierazi zuten parte hartzaileek.

Manifestazioa hasi aurretik euri zaparrada izan bazen ere, horrek ez zituen herritarrak kikildu, eta, iaz Koordinadora Transmarikabollofemisitak lehenengoz deitutako Arrasateko manifestazioan bezala, bigarren honetan ere herritar askok hartu du parte harrotasun eguneko manifestazioan. Hala, deitzaileak "oso pozik" agertu dira debagoiendarrek emandako erantzunarekin.

Pankartak edota banderolak eskuan hartuta, San Martin plazatik abiatu eta Bergarako erdiguneko kaleetan zehar LGTBIfobiaren aurkako eta harrotasuna aldarrikatzeko mezuak oihukatu zituzten, harik eta Irala kalera, manifestazioaren bukaerara, iritsi arte.

Bertan, Pol-Pol tabernako balkoitik manifestua irakurri zuten Ixotz Louyestek eta Arrasateko Emakumeen Mundu Martxako ordezkari Julia Mongek, eta horren ostean, Turtukiñak DJ-ren eskutik musika izan zen.

Transexualitatearengan fokua

Aurtengo mobilizaziorako gai nagusia transexualitatea izaki, salatu zuten Osasunaren Mundu Erakundeak duela 27 urte arte homosexualitatea gaixotasuntzat jotzen zuen bezala, transexualitatea oraindik ere "gaixotasuntzat, desorekatzat edota trastornotzat" jotzen duela, amaierako manifestuan Ixotz Louyestek salatu zuen moduan. Horrekin lotuta, hainbat mediku, psikiatra eta psikologok gai honen inguruan ez duela behar besteko trebakuntzarik jaso salatu zuten, eta Euskal Autonomia Erkidegoan pertsona transexualek tratamendua eta horren jarraipena egiteko Gurutzetako ospitaleraino joan behar dutela gogorarazi zuen.

"Gure sexu identitatea garunean dago eta ez hanka tartean; horrek ez du esan nahi buru gaixotasuna dugun pertsonak garenik", irakurri zuen Louyestek. Hortaz, transexualitatearen patologizazioa salatu zuten.

Horrez gain, aurten oihartzun handia izan duen Hazte Oir elkartearen autobus transfoboaren gaia atera zuten mahai gainera, Chrysallisek, Euskal Herriko haur transexualen familien elkarteak plazaratutako sentsibilizazio kanpaina deuseztatu eta mespretxatzeko asmoa zuela salatuz.

Testuliburuetan eta hezkuntza sisteman ere transexualitatea, oro har, ez dela lantzen salatu zuten, eta horregatik, "heteroarauarengandik eta sexismoarengandik aldenduz", hezkuntza duin bat eskatu.

Bestalde, naziotartasunik gabeko pertsonei beraien izena eta sexu-aipamena dokumentu ofizialetan zuzentzeko eskubidea bermatzea beharrezkoa dela plazaratu zuten, transfobia edo homofobiarengandik ihesi datozen errefuxiatuei asilo eskubidea bermatzea bezala.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa