Boluko pilotalekuko estalkia mahai gainean

Maite Txintxurreta 2017ko eka. 28a, 08:00

Boluko frontoia estaltzeko hirugarren proposamena, aurrera egiteko aulerak dituena.

Udalak atzo aurkeztu zien Boluko auzotarrei bertako frontoia estaltzeko proiektua eta aukera desberdinak. Atzo bizilagunekin egindako bileran 80 bat auzotar batu ziren, eta frontoia estaltzearen aldeko zein kontrako iritziak izan ziren. Azken horiek ikusita bereziki, udalak proiektua birmoldatzeko prozesuari ekingo dio. Beraz, oraindik ezingo dute zehaztu lanak noiz hasi ahal izango diren.

Imara ingeniaritza taldeak dihardu Bolua auzoko pilotalekua estaltzeko lanen proiektua egiten. Azaroan hasi ziren horretan, eta atzo, eguaztena, Udalak auzotarrei aurkeztu zien orain arte burututako lana. Oraindik proiektua bukatzeke dago, eta atzo jasotako iritzi eta ekarpenak oinarri hartuta hobekuntzak egiteko aukera ere egongo litzateke aurrerantzean.

Elena Lete alkateak azaldu duenez, estalkia diseinatzerako orduan baldintza nagusiak ikuspegia ez kaltetzea eta gaur egungo hormaren maila ez gainditzea izan da. Hori kontuan izanik, Imara taldeak lehen proposamen bat luzatu zion Udalari, baina, Letek azaldu duenez, ez zitzaien gustatu, "forma eta material aldetik gogorra" omen zelako. Hortaz, proposamen hura abiapuntu moduan hartuta, estalkiaren inpaktu bisuala leuntzeko eta berau atseginagoa egiteko eskatu zion Udalak ingeniaritza enpresari.

Hala, diseinu berri bat aurkeztu zuten, zeinetan teilatuak olatu forma hartzen duen eta argi gehiago sartzen uzten duen estalki bat jasotzen den.

Bada, horri jarraiki, pilotalekuaren erabilera "aberastea" bilatu nahi izan dute udaletik, bai beheko partea, hau da, frontoia bera, bai goiko estalkia bera ere erabilgarria izan dadin. Hortaz, hirugarren proposamenak estalkiaren gainean belar artifizialezko berdegune bat jasotzen du, baita honen ondoan frontoiaren beheko aldetik goiko plazatxoraino igarotzeko pasabide bat ere.

Hasiera batean proiektu honentzat 100.000 euroko partida aurreikusi bazioten ere, azkenik 180.000 eurora handitu dute aurrekontua.

Auzoarendako gune estali bat

Elena Lete alkateak nabarmendu du Boluko frontoia estaltzeak, berorren orain arteko erabiltzaileei ez ezik, beste premia batzuei erantzungo diela: "Esaterako, egubakoitzetan Udal Pilotalekuan ekitaldiren bat dagoenetan, pilota elkartekoek han entrenatzeko aukera izango lukete". Horrez gain, Boluko jaietan edo bestelako egunetan auzoan antolatzen diren ekintzak gune estali batean egin ahal izatea ahalbidetuko lukeela ere azpimarratuko du, euria eginez gero ekintzok bertan behera laga barik.

Jarraian, pilotalekua estaltzeko proposatutako hiru aukerak:

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak