Osintxuko jaietako kontzertu eremuari beste zentzu bat eta eskaintza ezberdina eman guran sortu zen Osintxun musikara! lehiaketa. Txapelketa hori bigarren aldiz jokatuko da aurten, eta edizio honetan lehiatuko diren finalistak dagoeneko aukeratu ditu epaimahaiak: Red Iron Squad talde gasteiztarra, Lizarrako Bolbora taldea eta Pomeray musika talde bilbotarra. Horietako bakoitzak 35 minutuko emanaldia eskaintzeko aukera izango du, baina, horiez gainera, talde gonbidatua ere izango da: Eskean Kristo, hain zuzen ere.
Hautaketa prozesua
Bigarren edizio honetan, 21 musika taldek eman dute izena eta horien guztien arteko aukeraketa egin behar izan du epaimahaiak. Hautaketa egiteko, lau irizpide hartu dira kontuan: abestien konposizioa, emanaldiaren beraren joaldia, ahotsa eta instrumentala.
Ezaugarri horien balorazioa egiteko, zerotik hamarrerako puntuazioa eman behar izan dio epaimahaiak talde bakoitzari; horrela, puntuazio altuena lortu dutenak finalerako sailkatu dira. Aipatu behar da balorazioa epaimahaikide bakoitzak bere kontu egin duela, ez da beraien arteko inongo influentziarik egon.
Aurtengo hiru finalistak
Finalean lehiatuko den taldeetako bat da Red Iron Squad. Gasteizko talde horrek rock fresko eta alaia eskaintzen du emanaldietan. Beste sailkatuetako bat Lizarratik gerturatuko den Bolbora taldea da, ska-reggae musika estiloa jotzen duena. Azkenik, Pomeray talde bilbotarra ere izango da Osintxun, oso rock sofistikatua eskaintzeko prest egongo dena.