17 urterekin zuzenduko duzu Sutargi abesbatza. Oso gazte!
Udako ikastaroan landutakoarekin zerbait egin behar nuen. Hori horrela, martxo hasieran, Bergarako abesbatza guztiei gonbidapen gutun bana bidali nien nire proposamena aurkezten: ahots baxuen abesbatza.
Eta zer-nolako erantzuna izan duzu?
Oso ona. Orfeoiko, Alai taldeko, Aritzetako, San Joxepeko eta parrokiako koruko kideak daude. Zaharrenak 80 urte ditu eta gazteenak 35. Egia esan, gustura nago.
Zortzi pieza aukeratu dituzue zapaturako. Erronka izan da horiek ahots baxuetara egokitzea?
Lan mardula izan da. Kantuak lau ahots mistoren abesbatzetarako moldatuta zeuden. Nik egin dudana izan da horiek moldatu ahots baxuetara, harmoniak, sonoritatea eta akordeak kontuan hartuta. Berriak gara, eta, hala, hutsetik hasi behar izan dugu.
Aita Madina, Xabier Lete, Urretxindorrak, Mikel Laboa... Indartsu hasiko duzue ibilbidea.
Pieza ezagunak aukeratu ditugu. Horregatik, erronka handia izango da. Handia eta polita. Kontuan izan behar da hamabi entsegu bakarrik egin ditugula. Hortaz, taldeko kideek aurretik dugun esperientzia baliatu beharko dugu lehen kontzertuan.
San Juan eguna aukeratu duzue estreinaldirako.
Udako solztizioaren harira egin gura nuen. Suak eta argiak bat egiten dutenekoa. Nahasketa horretatik sortu zen taldearen izena: Sutargi.
Aurrera begira, ze bide izango du taldeak?
Oraingoz, urtean bi egingo ditugu: sanjuanetan eta Gabonetan. Kontuan hartu behar da taldeko kideak beste abesbatza batzuetako kide ere badirela. Ez dut beste abesbatzen dinamika apurtuko.
Aurten ere egingo duzu zuzendaritza ikastarorik?
Asmo hori nuen, baina uztailean Munduko Gazte Abesbatzaren entseguetan egon behar dut. Otsailean egin nituen probak, eta udako oporretan Budapest aldean ibiliko naiz abesbatzarekin kontzertuak egiten. Beste erronka handi bat niretzat.