Aitor Agirre: "Musikoterapiak arima garbitzen du hein baten"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2017ko eka. 23a, 10:00

Aitor Agirre musikoterapeuta Irizar jauregiko saioa hasi berri.

Ibilbide luzea dauka Aitor Agirrek musikari moduan –Betagarri taldeko gitarra-jolea izan zen–, musika irakasle moduan –gitarra irakatsi izan du urte askoan– eta, azken urteotan, musikoterapeuta moduan. Martitzenean saio interesgarria gidatu zuen Irizar jauregian.

Zer da musikoterapia? Norentzat da bereziki onuragarria?
Musikoterapia, oso era sinple baten azalduta, pertsona baten inguruan eta osasun ikuspuntu batetik egiten den lanketa da, musika edota soinua bidelagun dela. Joera dago musikoterapia patologiaren bat duen batekin edo adineko jendearekin lotzeko baina berez edozein pertsonarekin landu daiteke. Ospitalean jaio berri den ume horrendako egokia da eta baita zaharren egoitza baten egoiliar dagoen 100 urtetik gorako horrendako ere.  

Ze ariketa egiten dituzue?
Berez ez dira ariketak, eredu jakin batzuetan oinarritutako teknika batzuk dira. Inoiz ez dakizunez atetik zer sartuko den –ez dut esan nahi pertsona bera, baizik eta pertsonarekin datorren hori–, ez dakizunez nola etorriko den, zaila da aldez aurretik ezer prestatzea; normalean, saioa hasi ahala joaten naiz egin beharrekoa zehazten, hartzailearen arabera.   

Zergatik erabaki zenuen musikari izatetik musikoterapeuta izateko jauzia ematea?
Magisteritza ikasi nuen eta beti gustatu izan zait hezkuntza. Garai baten gitarra irakatsi nuen eta psikologia ere beti gustatu izan zait. Orduan, musikaz eta hezkuntzaz harago triangelua osatzeko, musika terapiaren ikuspegitik hasi nintzen begiratzen.  

Eta nolako esperientzia izan da?
Oso pozik nago. Oso baliagarria da besteendako eta baita niretako ere. Musikoterapiak arima garbitzen dizu hein baten; asko ikasten dugu guregana datozen guztiekin, eta motxila-n daramaten hori gure egiten dugu neurri baten. Terapia saioak esperientzia zoragarriak izaten dira, hasten direnetik amaitzen direnera arte. Ez daukat beste hitzik, zoragarriak izaten dira. Hartu-eman ederra izaten da, zalantza barik. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak