Etxera itzultzeko itxaron beharra

Jokin Bereziartua Lizarazu 2017ko eka. 22a, 15:39

Bolua auzoan mendia behera etorri eta bost hilabetera emergentzia egoera gainditu bada ere, etxebizitza kaltetuena hankaz gora dago oraindik eta atari horretan obra egin beharko dute; kaltetuak pozik daude Bergarako Udalak zein aseguru-etxeek emandako erantzunarekin.

Ekainaren 16an bete ziren bost hilabete Bolua auzoan mendia behera etorri zenetik. Udalak amaitutzat eman zuen joan den astean emergentzia egoera, mendi maldari eusteko sarea jarrita dagoelako eta arriskuen jarraipen eta segurtasun plana "aspalditik" martxan dutelako.

Bada, bizilagun gehienendako egoera normalizatu bada ere, etxerik kaltetuena bizitzeko moduan egoteko beste zenbait hilabete pasatuko dira. Etxea hankaz gora dute oraindik. "Dena lokaztuta dago, ez dakigu oraindik zer salbatuko den eta zer ez. Kalte materialez harago, amarendako oso gogorra ari da izaten, bere bizitzako etxea da-eta. Egunero du buruan etxearen kontua eta etortzen den bakoitzean negarrez irteten da", dio etxeko kaltetuena jabe den Dolores Santosen seme Pedri Zafrak. Mendia eraikin barrura sartu zenean euren etxeko atearen azpiko partetik sartu zitzaien guztia: "Harrigarria da. Bost hilabeteren ondoren, lokatzaren arrastoak sabaian ikus daitezke".  

Udalaren erantzunarekin pozik

Kalte handiak izan arren, Udalaren zein aseguruen partetik erantzun ona izan dutela diote. "Eskerrak eman behar dizkiogu Udalari. Oso ondo portatu dira hasieratik. Mapfre aseguruarekin ere pozik gaude; pazientzia izan dugu eta badakigu eurak ere borrokatzen ibili direla Bergarako bulegoan", dio Zafrak.
Hori bai, euren etxearen kasuan aseguruen arteko konkurrentzia dago, hau da, etxearen kontinentea –eraikinaren elementu estruktalarak, mugitu ezin daitezkeenak– bi asegururekin dituzte: "Mapfrek ordaindu du berea eta orain beste aseguru etxearekin, Generalirekin, negoziatzen ari gara. Jarrera ona dute baina ez dute azken hitza eman. Espero dugu etxeko kontinentearen beste erdia ordainduko digutela. Hori bai, etxeko kontenidoa, altzariak eta beste, gure kontu joan beharko da".

Gaia patxadaz hartzea, gakoa

Emergentzia egoera gainditu bada ere, atari kalteturako sarrera nagusia hesi batekin itxita ikus daiteke oraindik. Bizilagunek sartzeko aukera dute, baina sartzearekin batera nabarmenak dira duela bost hilabeteko lur-jausiak eragindako kalteak: mendiaren sarrera izan zen zulo erraldoia estali beharra dago, apurtu ziren eskaileretako barandak konpondu, kristalak...  Obra handia egin beharko dute, komunitateko presidente Karlos Etxanizen arabera: "Orain arteko prozesua luzea izan da eta  oraindik ez dakigu zenbat denbora emango digun atariko obra guztia egiteak. Data bat ematea zaila bada ere, espero dugu uda osterako lanak bukatuta egotea". Komunitateak kudeatuko du obra hori herriko Ibarralde enpresaren laguntzarekin.  

Etxanizek ere esker on hitzak izan ditu Udalarendako: "Hasiera-hasieratik babestu gintuzten. Etxe bloke osoa ebakuatu zenean aukera eman ziguten hotelera edo bestelako etxeetara sartzeko. Ordutik aurrera eman diren urratsetan ere Udala egin da kargu. Momentuz behintzat malda aseguratuta dago eta etorkizunean ere beste interbentzio batzuk egingo dira".

Amaitzeko, Etxanizek uste du hasieratik gaia patxadaz hartu izana erabakigarria izan dela handia zen arazoa are handiago ez bihurtzeko: "Erabaki genuen lasai hartzea eta ez hastea oihuka eta liskarretan sartzen. Badakigu halako kontuek denbora behar izaten dutela, eta uste dugu horrek ere zerikusia izan duela jaso dugun erantzun egokian".

Frontoia estaltzeko proiektua

Bestalde,  Boluko frontoia estaltzeko proiektuaren berri emango die Udalak auzotarrei datorren ekainaren 27an, Irizar jauregiko ganbaran (18:30). Proiektua zehaztu aurretik Udalak bertako bizilagunen iritziak entzun eta ekarpenak jaso gura ditu: "Animatu eta parte hartu, zure iritzia ezinbestekoa da".  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak