Elosuko jaiak asteburuan, txondorraren ikatza protagonista dela

Jokin Bereziartua Lizarazu 2017ko eka. 16a, 13:32

Elosuko txondorgileak ikatza ateratzen, eguazten eguerdian.

Azken orduko albiste txarra izan dute Elosuan, txondorrak emandako ikatza gordeta zuten biltegiak su hartu zuen-eta atzo, ekainak 15: "Zorigaitzak jo eta atzo ikatza gordeta genuen biltegiak su hartu zuen. Biltegiko dena erre zaigu; 1.000 kilo inguru salbatu dira". Ezustekoak ezusteko, elosuarrak jaiak primeran ospatzeko gertu daude. 

Azken orduko zorigaitza alde batera utzita, txondorraren esperientzia "oso aberasgarria" izan dela dio Zubeldiak: "Kalitate oso altuko ikatza atera dugu baina ederrena izan da jende asko eta asko pasatu dela Elosutik. Ikaragarria izan da azken egunotan gerturatu den jendetza; txondorra ikustera, argazkiak ateratzera... Txondorgintzan aritu izan den jendea ere hurbildu da eta euren bizipenak kontatu dizkigute. Ederra izan da". Eguaztenean hasi ziren hogei bat egunez pixkanaka sortzen joan den ikatza ateratzen; 1.600 kilotik gora aterako dute. "Hasierako helburuak erabat bete ditugu. Auzo guztiaren inplikazioarekin, gainera. Bihar [gaur] afari bat egingo dugu txondorraren bueltan bizitakoa ospatzeko", gaineratu du auzo alkateak.

Bertso afarirako izen-ematea, gaur arte  

Jaietako egitarauari erreparatuz,  biharko bertso-afaria –izena emateko azken eguna da gaur, 688 920 086 telefono zenbakira deituta–, Donato Larretxeak txondorrerako egurra eman duen "pagotzarra" moztuko duela, erretiratuen artean arrakasta handia izan ohi duen idi-dema eta asteleheneko bazkaria nabarmendu ditu Zubeldiak.

Udalaren diru laguntzaz kexu

Hori bai, auzo alkatea kexu agertu da Udalak jaietarako eman dien diru-laguntzaren inguruan: "900 euroko laguntza jaso dugu eta auzoetako jaietako diru laguntzen irizpideetan agertzen da landa eremuko auzoa bada eta bi eguneko festak badira, jaso beharreko diru laguntza 1.545 eurokoa izan behar dela. Hala ere, saiatuko gara jaiak behar den moduan ospatzen".

Jaietako ekintza nagusiak:

Ekainak 17, zapatua
• 16:30 Mus txapelketa.
• 20:30 Bertso afaria Julio Sotorekin eta Iban Urdangarinekin.

Ekainak 18, domeka
• 12:00 Meza nagusia.
• 13:00 Pilota partiduak.
• 14:30 Erretiratuen bazkaria Elurmendin.
• 18:00 Idi dema. Bitartean, Donato Larretxeak txondorrerako egurra eman duen pagoa moztuko du.  

Ekainak 19, astelehena
• 12:00 Auzoko hildakoen omenezko meza.
• 15:00 Auzo bazkaria.
• 17:30 Ume zahar eta gazteendako jolasak.
• 19:00 Triki poteoa.
• 21:00 Auzo afaria eta erromeria.
• 00:00 Jaien amaiera.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak