Gobernuaren lan egiteko era, diotenez, koherentzian ezartzen da: "Gobernua egiteko erak oposizioan geundenean egindako lanean dauka oinarria, garai hartan esandakoa izan zen gure abiapuntua duela bi urte, hauteskunde kanpainan jarraitu genuen eta bi urte hauetan jarraitzen dugu. Hori posible da lehen eta baita orain Bergararen eta bergararren alde lan egiten genuelako eta dugulako eta hemendik aurrera ere egingo dugulako".
Azaldu dutenez, herritarren iritzia "garrantzitsua eta ezinbestekoa" izan da bi urteotan. "Horregatik, iaz bozeramaileen mahaia sortu genuen lehen aldiz. Foro bat non lau alderdiak ordezkatuta dauden. Horrez gain, 2016an zehar auzo guztiekin bilerak egin genituen, euren beharrak ezagutzeko eta martxan jarri dugu lan esparru berria. Landa eremu auzoak ere gure lehentasun barruan aurkitzen direlako".
Partaidetzaren hurrengo adibide moduan jarri zituzten Boluko frontoia –bilera egingo dute datorren astean– eta Espoloiko kioskoa –irailean egingo dute bilera auzotarrekin–. Baina, diotenez, izan dira beste adibide batzuk: "Hondakinak biltzeko egoeraren aurrean ere egin genuen, Ipintzako harmailak gure programan zeuden baina elkarteekin landu genuen, Labegaraietako gunea, Zubietako bizilagunak, Seminarioko aretoa... Partaidetzaren bitartez egin ditugu".
Hiru irizpide
Erakunde "eraginkorra" izatearen adibide moduan jarri dute Udal webgunea berritu izana eta herrian wifia jartzea. "Gabonetarako izango dugu", diote. "Horrez gain, udal zerbitzuei ahalik eta etekin handiena ateratzea da gure nahia, eraginkortasuna lortzeko. Esaterako zabor bilketan, argiterian, autobus zerbitzuan eta Oinezbusa –ikastetxeekin batera– ekimenean hainbat aldaketa gauzatu ditugu", gaineratu dute. Bestelako lanen artean aipatu dute eserlekuak margotu dituztela, "herritarrek horrenbeste" eskatu duten bidegorri-sarea osatzen ari direla, "urtetan zehar arazo" izan den Mugertzako etxea eraitsi dutela edota Mekolaldeko zubia egin dutela: "Bizilagunei kalterik sortu gabe".
Gobernuak Udaletik erakunde "entzulea" egin duela ere adierazi zuten atzoko agerraldian. Adibide gisa, diru laguntza deialdia herriko eragileen beharrei egokitu eta eguneratu dutela eta datozen egunetan argitaratuko direla jakinarazi zuten. Eta neurri berriak iragarri zituzten gazteendako etxebizitza alokairuaren gaian: "Gazteek etxebizitzak alokatzeko diru laguntzak aterako ditugu, egokituta, aurretik zegoen diru laguntza deialdia ez zen-eta ondo egokitzen egungo errealitatera".
Amaitzeko, erakunde "arduratsua" izatearen adibidetzat irisgarritasunaren arloa azpimarratu dute: "Bidegorri sarea moldatzen eta osatzen ari gara herritarren behar eta irisgarritasun neurriak betez, Eskuaire proiektua [zeinu hizkuntza itzultzaile-zerbitzua, hain justu] abiatu dugu lehen aldiz, arrapalak jarri dira eskailerak kenduta eta ate automatikoak ezarri dira; herritarrek eskatuta herri argitsuagoa dugu eta kostu ekonomikoa murrizteko neurriak hartu ditugu".