Rotterdam-eko Zinema Jaialdia, Buenos Airesko BAFICI edota Donostiako Zinemaldia bisitatu ostean, Kartzela Zaharrean emango dute Sîpo Phantasma (Ontzi fantasma), Koldo Almandozen lehendabiziko lan luzea. Gainera, zuzendaria bera izango da gaztetxean, filma aurkezteko eta berau ikusi ostean solasaldia egiteko.
Eguaztenean, hilak 14, 20:00etan izango da filmaren emanaldia, eta sarrera doan izango da.
"Kruzero bat, Bram Stoker-en Drakula eta Murnau-ren Nosferatu egokitzapena, telegramak, albisteak eta koloreztatutako zinema dira filmak osatzen duen puzzlearen piezetako batzuk. Honakoa aukera ederra da Txintxua Films ekoiztetxearen lan hau ikusi ahal izateko, gurean aukerak ez baitira soberan izan". Hala aurkeztu dute emanaldia Dynamo zineklubetik. Pelikularen trailerra esteka honetan ikusgai dago.
Urteurreneko beste hitzorduak
Emanaldi berezi hau Bergarako Gaztetxearen hamazazpigarren urteurrenaren harira antolatutako egitarauaren barnean dago. Dena den, ez da izango aste honetako zita bakarra. Hala, gaur, astelehena, 18:30ean hasita, Maitepoztu, ez maitemindu tailerra egingo dute, harreman osasuntsuen ingurukoa.
Egubakoitz gauean (22:30), berriz,El desvän del macho talde arrasatearrak eta Norman eibartarrek kontzertua eskainiko dute. Lehendabizikoak 1990. urtetik dabiltza taula gainean, eta bigarrenak, berriz, 2007.urtetik. Sarrera: 5 euro.
Hurrengo egunean, Leire Martini eta FundAME elkarteari laguntzeko jaiaren bukaera egingo dute gaztetxean, 02:30ean hasita eta ordu txikitaraino.
Aste honetakoekin bukatzeko, domekan Txiki festa izango da, Haur eta guraso asanbladak antolatuta.