Asteburua Errioxan hasi zuten Bergarako pilota eskolakoek. Nesken II. Fausto torneoan final erdietarako sailkatu zen Einer Rodriguez bergararra Gasteizko pilotari batekin osatutako bikotearekin. Benjamin bigarren mailan lehiatu zen bikotea eta final erditik pasatzea lortu ez bazuten ere "txapelketa bikaina" jokatu zutela adierazi du Reyes Azkoitia entrenatzaileak. Benjamin lehenengo mailan berriz, Ane Lazkano-Maddi Barrokalek 12-8 irabazi zuten Errioxako bikotearen aurka. Azkoitiak nabarmendu nahi izan du pilotariek "egindako txapelketa eta erakutsitako maila altua".
Atzo, domekan, Herreran jokatu zen jubenil mailako finala eta Bergara Kirol Elkarteko bi pilotari izan ziren aurrez aurre bertan. Bergarako Ander Muruak Añorgako Olidenekin osatu zuen bikotea eta Markel Gartziak aldiz, Lazkaoko Bastarrikarekin. Murua-Oliden bikoteak lortu zuen garaipena 22-10; Muruak gainera, pilotari onenaren saria ere irabazi zuen.
Bestalde, domekan, Bergaran beste zita bat ere izan zuten herriko pilotariek. Bergarako hiru pilotalekutan Udaberriko eskolarteko txapelketako topaketak antolatu zituen BKE-ak. Txapelketa Angiozarren, Osintxun eta Udal pilotalekuan jokatu zen. Aurten jokatzeko era aldatu dute eta esperientzia "asko gustatu" dela jakinarazi dute kirol elkartetik. Esperientzia on honen ostean, ekainaren 22an jokatuko den finaletarako bikoteak osatzen hasiak dira jada.
Ostegunean, zita berria
Eskualdeko final erdia jokatuko da ostegunean Bergaran. 20:30ean hasiko da eta bi debagoiendar egongo dira aurrez aurre; BKE-ko Bergara eta Oñatiko Aloña Mendiko Aramendia.