Denboraldiari bukaera borobila emateko, Mahonero asteburua prest

Amaia Txintxurreta Guridi 2017ko eka. 7a, 18:30

Bigarren urtez antolatuko du Bergara Kirol Elkarteak Mahonero Eguna, eta aurten asteburu guztian izango dira ekintzak. Tartean, zapatuan, herri bazkaria egingo dute, eta Mahonero sariak ere banatuko dituzte. Domekan, berriz, besteak beste, Emakumezkoen Euskal Herriko Kopako finalerdia jokatuko da.

Mahonero Egunaren festaren aitzakian, urte guztian zehar lanean ibili direnak elkartu eta jai giroan murgiltzeko asmoz daude Bergarako Kirol Elkarteko kideak.

Egubakoitzetik domekara

Egubakoitzean hasiko dituzte ekintzak Seminarioko karparen irekierarekin. Iluntzean trikitilari eta buruhandiez gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek, eta parrillada izango da afaltzeko. 22:30etatik aurrera, berriz, kontzertuak egingo dira, gaua musikaz alaitzeko.

Zapatuan, goizetik hasiko dira ekintzekin. Umeendako puzgarriak, jolasak eta futbol jokoak egongo dira. Zumba ikastaroa ere izango da Camden Town-ekoen eskutik, eta herri bazkaria egingo da gero. Muga 400 pertsonetan daukate jarrita eta txartelak oraindik salgai daude. Hauxe adierazi du Bergara Kirol Elkarteko jarduneko lehendakari Josu Elortzak: “Muga 400 pertsonatan jarrita daukagu, aurreko urtean ez ginen heldu, baina gertu ibili ginen. Karpa erabiliko dugu, bertan izango delako bazkaria, eta zenbaki horretan mugitzen gara. Txartelak oraindik salgai daude Deporren eta Bule tabernetan eta salmenta ondo doa. Egia esan, herriko jaiak ere erdian egokitu dira eta batzuk pixka bat despistatuta dabiltza, baina egun horretan espero da zenbaki horretara iristea”.

Bazkalostean, Mahonero sarien banaketa ere egingo dute, iazko moduan. “Sari horiekin bilatzen duguna da kirol errendimendua saritzea; bai gizonezkoen eta baita emakumezkoen jokalari onenak sarituko ditugu. Beste sari batzuk ere izango dira klubaren balioak defendatzen dituztenak. Eta bazkideendako eta kolaboratzaileendako ere izango dira beste sari batzuk eskertzeko egiten duten lana”, azaldu du Elortzak.

Zapatu arratsaldean, berriz, mus eta futbolin txapelketak egingo dira, eta gero afaldu, eta musikaz jarraitzeko aukera izango da.

Domekan, berriz, Ipintzan harmailak lehenengo aldiz erabilgarri izango direla, Mondraren eta Bergararen arteko lagunartekoa jokatuko da 15:30ean hasita. Eta 17:00etan Emakumezkoen Euskal Herriko Kopako finalerdia jokatuko dute Agorrosinen Realak eta Aurrera de Vitoriak. “Da txapelketa bat urte batzuk daramatzana emakumezkoen futbola sustatze aldera eta Bergarara finalerdiko bat ekartzeko aukera izan dugunez, oso pozik gaude. Gainera, uste dugu ez emakumezkoendako bakarrik, gizonezkoendako ere ona dela horrelako partidu bat Agorrosinen ikusteko aukera izatea”.

Asteburu borobila dute, beraz, aurretik Bergara Kirol Elkartekoek. Gaur egun 420 jokalarik, eta entrenatzaile eta zuzendaritzako beste 60 lagun inguruk osatzen dute kluba.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak