Caja Rural taldeko Xavier Cañellas izan da azkarrena Bergarako helmugan

Larraitz Zeberio Lekuona 2017ko eka. 4a, 16:09

Xavier Cañellas Bergarako helmugan garaipena ospatzen.

Zazpi laguneko taldea iritsi da aurretik helmugara eta esprintean erabaki dute garaipena. Caja Rural taldeko Jaume Suredak egin du bigarren eta Quick Step taldeko Mauricio Orozcok hirugarren.

Caja Rural taldeko mutilendako izan da gaur ere garaipena. Indartsu dabiltza; izan ere, atzo Jaume Sureda nagusitu zen Beasaingo Loinaz proban eta gaur Xavier Cañellas Bergaran. Bi taldekideak lasterketa buruko taldean izan dira Asentzioko bigarren igoeratik aurrera eta zazpi lagunetako taldean iritsi dira Espoloira. “Esprinta jo dugu nik alde batetik eta berak bestetik”, adierazi du Cañellasek. “Helmugan berriz elkartu gara eta garaipen gaur niretzat izan da”.

Aurreikusi moduan lasterketa azkarra izan da, eta euriak bere eragina izan du; izan ere, hainbat eroriko izan dira eta txirrindularietako bat Bergarako osasun etxera eraman behar izan dute. Antolatzaileek aditzera eman dutenez ez da ezer larria izan. Lasterketari dagokionean txirrindulariek bi aldiz egin dute Asentzioko igoera eta Angiozartik gorako aldapek hautaketa handia egin dute. “Uneoro izan dugu lasterketa kontrolpean”, esan du Xavier Cañellas irabazleak. “Eraso saiakerak neutralizatzea izan da gure taldearen zeregin garrantzitsuenetako bat eta oso ondo aritu da taldea. Gero etorri da Asentzioko bigarren igoera eta hor zazpi txirrindularik osatu dugu aurreko taldea. Erasoa jo dute Mauricio Orozcok eta Txomin Juaristik eta egia esan metro batzuk atera dizkigute. Ez gara gehiegi berotu. Gure erritmoa mantendu dugu eta azkenean haiekin bat egitea lortu dugu. Eraso gehiago ere egon dira baina txandaka erantzun dugu Jaumek eta biok. Bagenekien esprintean izango genuela gure aukera, eta horrela izan da”. Taldekideek egindako lana aipatu du Cañellasek helmugan. “Talde osoaren garaipena da gaurkoa. Euriarekin eta hotzarekin nahiko ondo moldatzen gara Jaume eta biok eta taldekideen lanari esker gaurkoan ere horrela izan da”.

Sari banaketa

Espoloian egin dute Pentekoste Sariaren sari banaketa. Mendiko saria eman dute lehenengo eta Baque BH taldeko Txomin Juaristik jaso du. Markina-Xemeingo txirrindulariak laugarren egin du gaur. Jarraian, lasterketan postu onena egin duen Lokatza taldeko lehen txirrindulariari eman diote saria eta Aritz Kortabarria antzuolarrak jaso du.

Podiuma osatu dute gero Cañellasek, Suredak eta Orozcok. Lehendakaria Sariaren elastikoa Fundacion Euskadi taldeko Mikel Alonsok jaso du eta talde onenaren saria Caja Rural taldeko kideek.

Lasterketako sailkapena hemen.

Erlazionatuak

Pentekoste Txirrindularitza Saria 2017

Aitor Agiriano Arrese 2017 eka 04 Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak