Pentekosteak antolatzerakoan, adin guztiak irizpide

Jokin Bereziartua Lizarazu 2017ko eka. 2a, 07:00
Bitorianatxoren jaitsierarekin egingo du eztanda festak; irudian, iazko jaitsiera.

Amaitu da atzerako kontaketa, heldu dira Pentekosteak. Herriko futbolariek botatako suziriarekin eta Bitorianatxoren jaitsierarekin, gaur lehertuko dira jaiak, eta ekainaren 6ra bitartean ume, gazte zein helduendako ekintzak izango dira; herri bazkarian alkoholik ez ateratzeko erabakiak zeresana eman du.

Gaur, Bergara Kirol Elkartearen futbol saileko lehen taldeko jokalariek suziria bota eta Bitorianatxo udaletxera jaistean (20:00) egingo du eztanda festak, eta ekainaren 6an Bitorianatxok kontrako bidea egin arte (20:00) ez da aspertzeko astirik izango Bergaran.

Izan ere, duela sei bat hilabetetik lanean aritu den jai batzordeak adin guztiei begirako askotariko ekintzak antolatu ditu, 129.000 euroko gastu-aurreikuspenarekin. Bergarar asko eta asko zerura begira egongo dira, eguraldi iragarpenak ez dira-eta onenak. Euria egin badu ere, festa girorik ez da faltako.

Egitarauko lehen protagonistak herriko futbolariak izango dira. "Argi genuen herriko kirolariei errekonozimendua egingo geniela. Azken urteetan hainbat kirolari aipagarri izan ditugu Bergaran; Athletic-eko jokalari Vanessa Gimbert, binakako txapeldun izan den Beñat Rezusta pilotaria, slalom txapelketan bigarren saria eskuratu duen Aritz Bikuña... Uste dut momentua zela herriko kirolariei nolabaiteko errekonozimendua egiteko", adierazi du asteon jaietako zinegotzi Maite Agirrek.  

Irizpidea, adin guztiak asetzea

Jaiak antolatzeko irizpide nagusia izan da adin guztiendako ekintzak antolatzea. Eta hor, Agirreren arabera, hutsune bat ikusten zen bereziki gaztetxoendako: "Adibidez, iaz lehen aldiz, egunero jarri ziren umeendako puzgarriak eta oso ondo funtzionatu zuen. Aurten ere errepikatuko da". Eta adinari dagokionez beste muturrera joanda, San Joxepeko erretiratuendako aurten lehen aldiz toka eta bolo txapelketa antolatu dute, esaterako.  

Alkohola ez ateratzeko erabakia  

Bestalde, ekainaren 5eko herri bazkarian Udalak alkoholik ez ateratzeko erabakiak zeresana eman du. Horren adibide da saldutako txartelen kopurua. Orain arte txartel guztiak –ia 700– ordu erdian saltzen ziren bitartean, atzoko eguna aintzat hartu gabe –atzokoa zen salmentarako azken eguna, 18:00etatik 21:00etara– 200 txartel bakarrik zeuden salduta.

Azken urteetako egoerak ez errepikatzeko asmoz erabaki du Udalak herri bazkarian  alkoholik ez zerbitzatzea, eta bereziki gurasoak alkoholaren kontsumoaz hausnartzera gonbidatu ditu. Udalak droga-mendekotasunaren laugarren planaren baitan kokatzen du erabakia, "garrantzia berezia" ematen dio-eta gurasoek euren seme-alaben aurrean duten alkohol kontsumoari: "Haurrek ikusten dutena errepikatzen dute eta horregatik, ezinbestekoa da eredu ona ematea eta kontsumo arduratsua zein bizi ohitura osasungarriak bultzatzea".

Horrekin batera, gaineratu dute etorkizunean "heldu arduradunak eta zentzudunak" nahi dituztela Bergaran, eta horrelako pauso txikiekin "helmugara" iritsiko direla uste dute.

Jaietako zinegotziak erabakia berretsi du asteon eta beste herri batzuetan ere halako erabakiak hartu direla gogoratu du:  "Alkoholaren kontsumo arduratsua bultzatzeko ekintzak antolatu behar ditugu Udaletik. Hainbat saiakera egin dira –adinen araberako bi txartel ateratzea, adibidez–, baina ez zen helburua lortzen. Erakunde moduan zerbait egin behar dugu. Uste dut ohitura aldatzea dela".

Bazkaria San Martin plazan dago aurreikusita, baina euria egiten badu seminarioko karpan egingo da. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak