goiena.eus

Herri bazkarian alkoholik ez ateratzeko erabakia berretsi du Udalak, "kontsumo arduratsuaren" alde

  Gizartea  Bergara

Azken urteetako egoerak ez errepikatzeko asmoz erabaki du Bergarako Udalak herri bazkarian alkoholik ez zerbitzatzea, eta bereziki gurasoak alkoholaren kontsumoaz hausnartzera gonbidatu ditu: "Hainbat herritarrek, gaztetxoek batik bat, bazkarira ez joateko deia luzatu omen dute, Udalaren erabakiaren aurka joateko". Udal Gobernuaren arabera, jai batzordeko talde guztiek egin dute bat erabakiarekin.

Herri bazkarian alkoholik ez ateratzeko erabakia berretsi du Udalak, "kontsumo arduratsuaren" alde
Bi gazte bergarar iazko herri bazkarian –seminarioko karpan egin zen–, sagardoa dastatzeko gertu. | Ikusi handiago | Argazki originala

Izan ere, maiatzaren 25ean jarri ziren salgai Pentekosteetako asteleheneko herri bazkarirako txartelak. Azken urteetan txartel guztiak oso denbora laburrean saldu izan badira ere, aurten nabarmen jaitsi da orain arte saldutako txartelen kopurua –200 bat saldu dira bakarrik–.  Hortaz, ia 500 sarrera geratzen dira salgai oraindik; Kultura Sailean (943 779 159) eskura daitezke eguenera bitartean, 18:00etatik 21:00etara, 12 eurotan. Bazkaria San Martin plazan egingo da hasiera baten eta euria eginez gero seminarioko karpara pasatuko dute.

Seme-alaben aurrean eredu izatea

Bergarako Udalak droga-mendekotasunaren laugarren planaren baitan kokatzen du erabakia, "garrantzia berezia" ematen dio-eta gurasoek euren seme-alaben aurrean duten alkohol kontsumoari: "Haurrek ikusten dutena errepikatzen dute eta horregatik, ezinbestekoa da eredu ona ematea eta kontsumo arduratsua zein bizi ohitura osasungarriak bultzatzea". Horrekin batera, gaineratu dute etorkizunean heldu arduradunak eta zentzudunak nahi dituztela Bergaran, eta horrelako pauso txikiekin "helmugara" iritsiko direla uste dute.

Erantzunak

Erabiltzailearen aurpegia Erantzuna | #1

Azken egunetan erabaki honen harira zabaldutako informazioa ez da egia. Xaxau jai konpartsak ez du gai honen aurrean bere iritzia eman. Jai ereduen inguruan hainbat hausnarketa egin ditugu azken urtean, eta horretan jarraituko dugu, baina udalari eta Goienari, mesedez, gure izenean besteen erabakiak ez sinatzea eskatu nahiko genioke. Ez dugu parte hartu herri bazkarian alkohola ez zerbitzatzearen erabakian.

Bideberriak xaxatzeko prest, ostiraletik aurrera bideberrin eta kalean ikusiko gara ; )

Erantzuna | #2

Albistean argi aipatzen denez, Udal Gobernuak esandakoetan oinarritu gara albistea osatzeko orduan.

Erantzuna | #3

Zerbaitetan aintzindari bihurtu zarete! Ez da Euskalerri osoan horrelakorik! Zorionak beraz Udal Gobernuari. Kontsekuente izanez gero, Sanmartzialetan ez duzue gurdi gainean ardo kupelik jarriko? Zer jarriko duzue orduan, Insalus garrafoiak?
Begira kontsumo arduratsua ez da alkohola bazkaritik kentzea. Niretako kontsumo arduratsua da, nahi duenak akohola har dezan eta etxera heltzerakoan bere betebeharrak betetzea. Hori bai eredua gazteendako.
Bestalde, neurri hau hartu du(t)ena ez da herri bazkarian askotan egon. Bertan, orokorrean, jendea egon behar den bezala egoten da eta.
Eta bazkarira ez joateko deia zabaltzen ari dela... Herritarrak ez gara tontoak. Badakigu gure erabakiak hartzen, inork mezurik bidali gabe. Guk koadrilan ez joatea erabaki dugu, inork ezer esan gabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa