2012an sei ikaslerekin abiatuta, 16/17 ikasturtean 56 ikasle ditu eta 17/18 ikasturterako, Debagoiena eta inguruetako 40 enpresa baino gehiagoren eskaerak jaso ditu Bergarako Miguel Altuna Institutuak (MAI) Lanbide Heziketako Dual sistemaren harira.
LH dualaren xede nagusia ikastetxearen eta enpresaren artean garatutako ikaskuntza- prozesu baten bitartez, Lanbide Heziketako teknikari edo Goi-mailako teknikari titulua lortzeko aukera ematea da. Ikaskuntza eta prestakuntza hori, lan kontratu edo beka bidez gauzatzen da eta gazteak lan merkatuan sartzea errazteko balio du, kalitateko lanpostuaz sustatuz.
Atzoko jardunaldian 60 pertsona inguru elkartu ziren. Batetik, Dual sisteman izan diren ikasleak, eta, bestetik, 25 enpresetako ordezkariak. Beste hainbaten artean, Goizper, Ulma, Lacor, Copreci, Talleres Oregi …. eta, horiek Dual sistema oso positibotzat hartzen dute."Enpresak aukera du langilea ezagutzeko eta proiektua erakusteko. Honez gain, pertsona kulturara zein prozesuetara egokitzeko ere balio du. Gainera, langileari lan munduaren gaineko ikuspegia ematen zaio eta sistema laguntza bidea ere bada sarrera mundua zabaltzeko" azpimarratu zuen, Goizper Kooperatiba Elkarteko Giza Baliabideetako teknikaria Janire Ereñok.
"Ikaslea langile guk bihurtzen dugu; asko ikasten du, eta Elementalean ikasitako hori guztia egiten duena da praktikan jarri gurekin eta guk irabazten duguna da langile horri gure filosofia gure lan egiteko modua, enpresa zela ezagutu eta hori guztia berari helarazten diogula, adierazi du Aroa Agirrezabalek, Lazpiur enpresako Giza Baliabideetako arduradunak.
Dual sistema aberatsa izan daiteke ikasleek lan munduan murgiltzen joateko eta prozesu hori errazteko. Enpresa mundura begira, sistemak langile kualifikatua lor dezake, bere beharretara egokitua izan dena. Sistema honi esker, ikasleek egindako lanaldiari dagokion ordainsaria jasotzen dute, kontratuaren edota hitzarmenaren arabera. Eta gainera, Gizarte Segurantzan kotizatzen hasten dira.
"Askoz ere ordu gehiago dira; lan praktikak ziren 360 ordu enpresetan, dual sistemarekin gabiltza 1.200 ordu egiten. Bigarren ikasturtea hasi aurretik hasten dira enpresetan lanean eta hartzen dituzten ezagupenak askoz ere altuagoak dira lehen baino. Dual sistemak lagatzen du lanpostu kualifikatuetan jendea ez horrelako modu azkarrean formatzen (…) Ikasleak bertakoak dira eta ahal badugu sartzen ditugu ikasleak euren bizitokiko enpresetan", dio Joxu Aranak, MAIko enpresa harremanetako arduradunak dual sistemaren onuretako batzuk azpimarratuta.