Legegintzaldi hasieran iniziatiba berri garrantzitsuak iragarri zituen arren, Udal Gobernuak aurretik zeuden ekimen asko bertan behera uzteko ahaleginak egin dituela azpimarratu zuten atzo EH Bilduko zinegotziek. Baita, ekimen berrien falta sumatzen dutela. “Desegin bai, baina eraiki ez dutela ezer eraiki” dio EH Bilduk; eta, horren adibide Arrizuriagan egingo denaren gaineko inkognita zein bilketa sistemaren gaineko urrats falta dira. Horrez gainera, hainbat eremutan atzera pausoak igarri dituztela azpimarratu zuten eta hor kokatzen dute Udal Gobernuak gainerako taldeekin eta herriko taldeekin daukan harremana eta jokamoldea.
Udal Gobernuak oposizioko udal taldeekin duen jarrera gaitzetsi zuten. Eztabaida zein hausnarketarako gunea faltan botatzen dute baita, komunikazio eza ere dagoela esan zuten: "Ezin gara posizionatu inongo azalpenik ematen ez duten bitartean. Iruditzen zaigu hori ez dela oposizioarekin kontatzea, ez gaituzte kontuan hartzen" azpimarratu zuen, Leire Iruin EH Bilduko zinegotziak.
Asmoen gaineko azalpenak
Atzo eginiko balorazioan, Udal Gobernuak obra eta zerbitzuetan egindako hainbat ekimen onak izan direla azpimarratu zuten. Adibidez, kaleen asfaltatzea eta argiteriaren aldaketa. Hala ere, hutsune asko sumatzen dituzte batez ere, alor guzti hauetan: ekonomian, kultur programazioan, hezkuntza eta gazterian, gizarte zerbitzutan, eta udal barruko murrizketetan… Horregatik, EH Bilduk urgentziaz eskatzen dio Udal Gobernuari zein asmo dituen eremuz eremu datozen bi urteetarako; azal dezala zer egingo duen, noizko egingo duen eta zein baliabiderekin.