goiena.eus

Mendizaletasunaren inguruko erakusketa zabalik

  Kultura  Bergara

Laboratorium museoan mendizaletasunaren inguruko erakusketa ireki zuten atzo, Puntaik Punta jaialdiaren atarian. Pol-Pol mendizale taldearen 75. urteurrenari ere keinu egin nahi izan diete mostra honekin.

Laboratorium museoko inguruko erakusketak mendizaletasunaren inguruko alderdi desberdinak jorratzen ditu; esaterako, kirola, sozializazioa, espiritualtasuna edota ingurumena. Horrez gain, Pol-Pol elkartekoen argazkiak eta istorioak ere jasotzen dira. Elkarteko kideak pozik azaldu dira erakusketarekin, eta herritar oro gonbidatu dute berau bisitatzera. Gainera, elkarteko lehendabiziko emakumezko kidea izan zen Loli Larrañaga bergararraren istorioari ere eskaini diete tarte bat erakusketan.

Pol-Polekoen materialaz gain, erakusketa osatzen duten pieza gehienak Euskal Mendizaletasunaren Museoak lagatakoak dira. Topa daitezkeen piezen artean, mendiko buzoietan lagatzeko txartelak, espedizio desberdinetako kartelak edo antzinako mendiko materiala topa daiteke. Bitxikierien artean, esaterako, Gipuzkoako eskirik zaharrenak izan litezkeenak daude ikusgai. Horrez gain, Juanito Oiartzabalek K2-ko espedizioan hankak izoztu zitzaizkionean erabilitako botak zein Juanjo San Sebastianen berokia ere ikusgai daude.

Mendizaletasunaren inguruko erakusketa hau abuztura bitartean izango da ikusgai Errekalde jauregiko Laboratorium museoan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa