Bergarako Pentekoste Jaietako astelehenean, ekainaren 5ean, egingo den herri bazkarirako txartelak maiatzaren 25ean, ostegunean, jarriko dituzte salgai. Egunean bertan Udal Pilotalekuko leihatilan erosi ahalko dira 18:00tatik 21:00ak arte eta ondorengo egunetan, ekainaren 1era arte, Kultura Zerbitzuan eskuratu ahalko dira ordutegi berean. Pertsona bakoitzak gehienera 6 sarrera erosi ahalko ditu eta guztira 690 lagunentzat tokia egongo da.
Jaietako asteleheneko bazkaria San Martin Plazan egingo da 14:30tan eta euria eginez gero Seminarioko karpara mugituko dute. Bazkariaren prezioa 12 eurotakoa da eta menua eta guzti aurreratu dute Bergarako Udaletik. Hasteko, entsalada mistoa eta otarrainxkak izango dute bertaratzen direnek eta bigarren plater bezala basatxerri saiheskia. Tarta, kafea eta ura ere prezioaren barne izango dira. Alergia kasuren bat duten eta herri bazkarira joan nahi duten herritarrek Kultura Zerbitzura, 943 77 91 59 telefonora, deitzeko aukera dute menua beraien beharretara moldatu daitekeen ikusteko.