85-90 motorzale inguruk parte hartuko dute asteburuan izango den moto-kros txapelketan; eta, hain zuzen ere, kategoria hauek izango dira lehian: MX65,MX85,SUB18, MX1,MX2 eta Master. Horrez gainera, klasikoek ere jardungo dute, eta edozein adin tartetako pertsonek parte hartu dezakete, baina lehiatuko diren motorrek zaharrak izan beharko dute. Esan beharra dago talde bakoitzeko lehenengo hamabostak elite kategoriara pasako direla.
Bergararren presentzia
Gainera, bergararrek presentzia handia izango dute lasterketan; izan ere, parte hartzaile guztien artean bost bergarar lehiatuko dira: Ibon Arebalo- MX65kategorian lehiatuko da-, Lander Rejano-MX85 kategoriakoa-, Unai Markiegi eta Urtzi Markiegi-MX2 kategorian lehiatuko dira-, eta Asier Blazquez-Master kategorian lehiatuko da-. Lasterketa horren faboritoen aurreikuspena egin du Asier Blazquezek, Bergarako moto-krosaren antolatzaileak: "Nire ustez, emaitza onak lortuko dituzte Urtzi Markiegik, Lander Rejanok eta Jon Idiate gasteiztarrak".
Ibilbidearen egoera
"Ibilbidea dagoeneko prest dago moto-kros lehiaketarako. Azken orduko kontuak falta dira; adibidez, zigilatzea eta publizitateko kartelak jartzea. Horrez gainera, ia euririk egin ez duenez, lurra ureztatuko dugu, lasterketan hautsik ez jasotzeko", azpimarratu du Blazquezek. Lasterketaz disfrutatzeko grina duenak, hitzordua du Angiozarren domekan goizeko 11etan; sarrerak bost euro balio du.