Maiatzaren 18tik aurrera Laboratorium museoan bisitatu ahal izango den erakusketak mendizaletasunaren hainbat alderdi jorratuko ditu, hala nola; mendizaletasuna eta kirola; mendizaletasuna eta pertsonaren sozializazioa, mendizaletasuna eta espiritualtasuna, mendizaletasuna eta ingurumena, Pol-Poleko kide bat: Loli Larrañaga, mendizaletasuna eta ekonomia eta mendizaletasunaren egoera gaur egun. Era berean, Pol-Pol taldearen historiaren urratsik garrantzitsuenak gogoratuko dituzte, elkartearen 75. urteurrenaren harira.
“Mendizaletasuna Euskal Herrian fenomeno sozial bat izan dela –eta oraindik izaten jarraitzen duela- ezin da ukatu. Gasteizen eta Iruñean mendi taldeak sortu ziren XX. mendearen hasieran eta zer esanik ez Bizkaian eta Gipuzkoan. Azken honetan ia herri bakoitzean mendi talde bat eratu zen. Bergarak bete betean parte hartu zuen mugimendu honetan eta duela 75 urte herrian Pol-Pol Mendizale Taldea sortu zuten”, agertu dute arduradunek.
Pol Pol taldea erakusketaren antolakuntzan laguntzen aritu da eta mendizaletasunarekin harreman handia daukaten pertsonen testigantzak egongo dira presente bertan. Mendiarekin lotutako hainbat pieza ere ikusi ahal izango dira, gehienak EMMOA (Euskal Mendizaletasunaren Museoa) fundazioak utzita. Erakusketa abuztuaren 27ra bitartean egongo da ikusgai Laboratorium museoan, eta Udalak herritarrak bertatik pasatzera eta gozatzera animatu nahi izan ditu.