Maiatzaren 13an, zapatua, Zigorrekin bat egiteko jaialdia izango da kartzela zaharrean. Zigor Azkargorta bergararraren lagun talde bat arduratu da antolaketa lanez, eta egun horretan bildutako dirua hari laguntzeko bideratuko dute.
Azkargortak minbizia pasa du berriki, eta horrek gorputzean paralisi bat eragin dio. Hori dela eta, orain errehabilitazioan dihardu, mugikortasuna poliki-poliki berreskuratzen joateko.
Tratamendu horrek gastu ugari dakartza berarekin. Hori dela eta, lagunek nahi dute festa honekin, batetik, laguntza ekonomikoa luzatzea, baina, azpimarratu dutenez, baita Azkargortari babesa eta elkartasuna adieraztea ere, "berarekin bat egitea", alegia. Zigor Azkargortak berak adierazi du "ilusio handia" egin diola lagunak bere aldeko jaialdi hori antolatzeak, eta eskertuta agertu da.
Eguneko egitaraua
Eguerdian hasiko da Zigorrekin bat egiteko jaialdia gaztetxean, bazkariarekin. Bazkarirako sarrerak 15 eurotan daude salgai Pol-Pol, Arrano eta Kortazar tabernetan.
Bazkalostean, 17:30an inguruan hasita, kontzertuak izango dira kartzela zaharreko agertoki gainean. Parte hartuko duten musika taldeak zeintzuk izango diren jakin nahi duenak bertaratu egin beharko du. Dena den, antolaketa taldetik aurreratu dute Bergarako lau talde izango direla.
Hala, iluntzera arte iraungo dute kontzertuok, eta ondoren atsedenalditxoa izango da. Jaialdia, baina, ez da orduan bukatuko. Izan ere, ondoren "gau desberdina" izango da, eta festak ordu txikietara arte jarraituko du.
Bazkarira joateko 15 euro ordaindu dutenek egun osoko ekitaldietara joan ahal izango dute gehiago ordaindu barik. Bazkarira ez doazenendako, sarreraren prezioa bost euro izango da.
Guzti hori aurrera eramateko, antolaketan aritu den Irene Santamariak talde osoaren izenean eskerrak eman nahi izan dizkie boluntario moduan jai honen inguruan laguntzeko prest agertu diren guztiei; barrako txandak betetzen, musikari modura, bazkaria gertatzen...