goiena.eus

Mantenu eta segurtasun lanak Elorregin, Elosun eta Basarten

  Gizartea  Bergara

Bergarako auzo eta landa eremuaren "bizi kalitatea hobetzeko" lanean dihardu Bergarako Udalak. Aurreko asteetan, Angiozar, Basalgo eta Buruñao auzoetan obra desberdinak egin ondoren, orain Elorregi, Elosua eta Basarte auzoei egokitu zaie. Azken hiru auzo horietako lanetarako 32.000 euro bideratuko dira.

Mantenu eta segurtasun lanak Elorregin, Elosun eta Basarten
Aritzeko baserrirako bidearen konponketa, iaz. | Ikusi handiago | Argazki originala

Elorregi auzoan Ziharrerokoa eta Gorosabel baserrietara doan bide publikoaren zorua egonkortu da. Elurlan enpresak egin ditu obrak, 1.573 euroko aurrekontuarekin. Elorregin bertan ere haizeteak eragindako Luberri baserrirako bidean eroritako zuhaitzak eta izandako lur-jausia kendu eta bidea garbitu da. Lan horiek ere Elurlan enpresak egin ditu, 1.240 euro aurrekontuarekin. Bestalde, segurtasun neurriak tarteko, Elorregi auzoko bi autobus geltoki eta Buruñao auzoko autobus geltoki bat eraisteko erabakia hartu du Udalak.

Elosun berriz, Altsasuko pistan dauden zuloak estali eta Agirre baserrira doan bide publikoan lurzorua egonkortzeko lanak egingo dira. 5.475 euroko gastua suposatuko du obrak eta hori ere Elurlan enpresak gauzatuko du.

Azkenik, Basarte auzoko udal sareko ur-ponpa kendu eta sare berria egokituko da. Construcciones Lasuen enpresak burutuko ditu obrak eta 23.666 euroko aurrekontua du.

Modu honetan, Bergarako Udalak 32.000 euro bideratuko ditu auzo horien beharrak asetu eta auzotarren egunerokotasuna hobetzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa