Bergarako Bandaren bidai pedagogikoa

Imanol Gallego 2017ko mai. 7a, 15:58

Gaztetxoek kantxa bertatik jarraitu dute kontzertua.

Bergarako Udal Bandak pilotalekua auditorio didaktiko bihurtu du. Igor Larrañagak gidatu du kontzertu pedagogikoa, eta saioa, 5 eta 9 urte bitarteko umeei zuzenduta egon da. Txikiek, instrumentuak gertutik ikusteaz gain, horiek probatzeko aukera ere izan dute.

Domekakoa ez da kontzertu arrunt bat izan, musikarekin batera, gaztetxoak izan baitira bertako protagonista. Bergarako Musika eskolarekin elkarlanean antolatu duten emanaldia herriko musikari txikiei zuzenduta egon da. Hauek, musikaz gozatzeaz gain, Igor Larrañagaren eskutik, instrumentuei buruzko azalpenak jaso dituzte.

Oso kontzertu arina izan da, eta Bandak, errepertorio ezaguna aukeratu du. Gainera, emanaldia interesgarriagoa izan zedin, musikariek bidai moduko bat proposatu diete entzuleei. Partitura bakoitza herrialde batekoa izan da, eta honela, bergararrak ia mundu osotik bidaiatzeko aukera izan dute.

Nomada izaera hori indartzeko gainera, musikariek, abesti bakoitzeko herriaren elementuren batekin mozorrotu dira. Azkeneko obran, musika eskolako haurrek banda barrutik entzuteko aukera izan zuten; bandako joleen ondoan eseri dira.

Bis mugitua

Programak azken abestia When the saints go marching in izango zela zekarren arren, bandak Errioxara kalejira jo du. Une horretan, kantxan eta musikarien ondo zeuden haurrak jaiki, eta kalejira hori dantzatuz amaitu da emanaldia.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak