Pedro Axpe gogoratuz, hausnarketarako omenaldia

Xabi Gorostidi 2017ko mai. 7a, 10:27

Holokausto naziaren biktima izan zenari merezitako aitortza egin zioten Munibe plazan. Bere izena daraman plaka oroigarria jarri, bizitzan zehar egindakoak errepasatu eta lore eskaintza egin zioten. Familiako kideek esker oneko hitzak izan zituzten Axperen bizitza ikertzeko lan egin duten eragileentzako.

Lan behartuak egiten ari zela Alemaniak Dachau kontzentrazio-esparruan hil Pedro Luis Axpe bergararra. Pentsaera ezkertiarreko borrokalari aktiboa izan zen, eta gerra piztu zenean errepublikaren alde borrokatu zuen. 1939an Kataluniatik Frantziara alde egin zuen. Bertan hainbat errefuxiatu esparru ezagutu zituen, eta 1940an naziek Frantzia okupatu zutenean, kontzentrazio-esparru batera eraman zuten handik lau urtera hil zen arte.

Memoria historikoaren alde lan egin duten elkarteek egindako ikerkuntza sakonaren ostean, atzokoan merezitako omenaldia egin zioten Munibe Plazan. Ekitaldia Intxorta 1937, La Ilusion, eta Amical de Mathausen elkarteek antolatu zuten Bergarako Udalarekin elkarlanean.

Elena Letek hartu zuen hitza ekitaldi hasieran, eta Pedro Axpek egindakoak gogoratzearen garrantziaz mintzatu zen. Horretaz gain, belaunaldi berrientzat eredugarria izan daitekeela adierazi zuen, hain urrun geratzen zaien holokaustoak eragindako sarraskiari buruz hausnartu, eta berriro errepika ez dadin. Zentzu berean zera adierazi zuen Juan Ramon Garai Intxortako kideak. "Garrantzitsua da belaunaldi berriei herrian zein nolako pertsona borrokalariak eta eredugarriak zituzten erakusteko, eta holokaustoa bezalako sarraskiak berriz ez gertatzeko"

Jarraian Lore Martinez Axpe mintzatu zen Axpe familiaren izenean eta ostean Intxorta eta La Ilusion elkarteko kideek hitz egin zuten. Ikerkuntza fasean Axperen bizitzari buruz aurkitutakoak aipatu zituzten, berdintasunaren eta askatasunaren alde egindako borroka gogora ekarriz.

"Bere bizitza osoan askatasunaren, berdintasunaren eta justiziaren alde borrokatu zen . 34ko iraultzan preso egon zen, eta erresistentzia frankistan aktiboki borrokatu zuen amaierara arte" adierazi zuen Juan Ramon Garaik.

"Beranduegi" datorren omenaldia

Omenaldiaren garrantziari buruz galdetzerakoan, ondoko gogoeta egin zuen Juan Ramon Garaik. "Harrigarria da hainbeste urte pasa ostean horrelako omenaldiak egiten egon beharra. Hau duela 40 urte egin beharreko zerbait zela uste dugu. Berandu gabiltza, baina hobeto berandu sekula egin gabe egotea baino".

Zentzu berean hitz egin zuen Lore Martinez Axpek ere, eta bide batez memoriaren aldeko elkarteek egindako lana goraipatu zuen:

“Lehenago egin beharrekoa omenaldiak izan beharko lukete, gaur nire aitonaren anaiari egindakoa, eta bera bezala arrazoirik Gabe eraildako beste hainbat pertsonari egindakoak. Esker oneko hitzak ez dira falta. Memoria elkarteen ikerkuntzei esker jakin izan dugu Pedro Axperen ibilbide zehatza zein izan zen. Urte asko pasatu dira, eta transmisioa egiten ez bada galtzeko arriskua dago. Euren ikerketei esker gure familiaren historia berreskuratu dugu, eta ez gure familiarena bakarrik, baita herri honen memoria historikoa ere”.

Juan Ramon Garaik, ikerkuntzaren pisu guztia memoriaren aldeko elkarteek hartu dutela adierazi zuen: "Kasualitatea da ikerkuntza memoria taldeek egin izana, administrazioa alde batera begira egon den bitartean. Duela 40 urte administrazioak egin beharreko zerbait izan beharko litzateke”.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak