'Osintxun Musikara!' lehiaketa martxan dago

Ane Vitoria 2017ko mai. 5a, 11:25

'Osintxun musikara!' lehiaketa bigarren aldiz jokatuko da. Aurtengo edizioak hiru berrikuntza izango ditu: finalistak hiru izango dira, publikoaren saria izango da eta talde gonbidatu baten musika emanaldia egingo du, hain zuzen ere.

Osintxuko jaietako kontzertu eremuari beste zentzu bat eta eskaintza ezberdina eman guran sortu zen musika lehiaketa hori. Osintxun Musikara II Musika talde edo Bakarlarien arteko lehiaketa estilo librean lelopean antolatu dute bigarren edizioa;  astelehenean hasi zen. Lehiaketa horri esker, gainera, ezagutzera eman nahi duten Debagoieneko eta EAEko musika taldeek (estilo librean) aukera ere izango dute.

Bigarren edizioaren berrikuntzak

Bigarren edizio honetan, hainbat aldaketa egin dira: batetik, diruaz gain, publikoaren saria ere egongo da.  Aldaketa horren helburua musika talde zein publiko gehiago erakartzea da. Bigarren berrikuntza da aurten hiru finalista taularatuko direla. Hala ere, beste berritasun bat ere badago. "Talde gonbidatu bat ere izango da kontzertuan euren musika eskaintzen", aitortu du Ruben Gaunak,  Osintxun Musikara! lehiaketaren antolatzaileak. Gainera, aurtengo zabalkundeari garrantzi handiagoa eman nahi diotela dio: "Joan den urtean, oihartzun eskasa izan genuen, eta, hala ere, 25 taldek eman zuten izena. Gure aurtengo helburua, debagoiendarren parte hartzea bultzatzea da". Izen ematea ekainaren 9ra arte egongo da zabalik eta mezu bat bidali beharko da osintxunmusikara@gmail.com helbidera, hauek jakinarazita: taldearen izena, herria, taldekide bakoitzaren izen-abizenak zein adina, biografia, abestiak MP3 formatuan eta harremanetan jartzeko telefono zenbakia.  

 Lehiaketaren bi faseak 

"Hilabeteko epea eskaini dugu taldeak aurkezteko, eta horien artean hiru finalista aukeratuko dira. Hori litzateke lehenengo fasea.  Bigarrena, aldiz, Osintxuko jaietan finalistek eskainiko duten kontzertua da. Horretan, taldeek ikuskizun bana eskainiko dute eta irabazlea aukeratuko da". Jarraian,  talde gonbidatuaren kontzertua ere entzungai izango da. Behin,  kontzertua amaituta, sari banaketari ekingo zaio: lehenengoa 500 euro, bigarrena 200 euro eta publikoaren saria, 300 euroko bonua Arrasateko Danatek musika dendan gastatzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak