Street Style Gaua zapatuan, azoka eta lehiaketa giro onez eta modaz jantzita

Jokin Bereziartua Lizarazu 2017ko mai. 5a, 09:00

Ekimenaren aurkezpeneko argazkia, artxiboko irudi baten.

Bergara Bizik, Bedelkarrek eta Bergarako Udalak lehenengoz antolatu dute Street Style Gaua deritzon azoka urbanoa, Santa Ana parkean (18:00-23:00). Biharko azokan, Bergarako 16 dendek udaberriko produktuak saltzeaz gain, 20 lagunek look lehiaketan hartuko dute parte.

Bergara Bizi ekimenak, Bedelkarrek eta Udalak elkarlanean antolatuta, lehenengoz egingo dute bihar, maiatzak 6, Street Style Gaua deritzon azoka urbanoa, Santa Ana parkean. Parkea 18:00etan irekiko dute eta 23:00ak arte aisialdirako tartea egongo da. Gaur egun modan dauden udaberriko produktuekin eta material berrerabilgarriekin osatutako azoka izango da. Herriko 16 saltokik erakutsiko dituzte euren eskaintzak azoka berezi horretan; arropa, osagarriak, dekorazioa, estetika... Azokarekin batera Eruanek taberna postua jarriko du eta musika saioak ere izango dira, Moittuai eta Mary May taldeen eta Pino Voice DJ-aren eskutik.

Antolatzaileek bergararrak parte hartzera animatu nahi dituzte: "Herriko saltokien azken eskaintzez, lehiaketaz, gastronomiaz eta musikaz gozatzeko".

Bat-bateko look onenari saria

Izan ere, Street Style Gaueko ekintza berezi moduan, jantzi lehiaketa egingo dute. Izen-ematea eguaztenean itxi zuten eta antolatzaileak "pozik" daude lehen lehiaketa horretarako animatu den jendearekin. "20 lagunek eman dute izena, 16 emakume eta lau gizonezko. Kopuru polita da, izan ere, bederatzi jantzi dendak hartuko dugu parte lehiaketan eta gainerakoek osagarriak saltzen dituzte. Hala, bi parte hartzaile izango ditugu dendako; hori zen gure helburua, eta bete dugu", adierazi du Bedelkarreko Ainhoa Garitanok.

Parte hartzaileek praka bakeroak eta kamiseta zuria jantzita joan beharko dira azokara. Aurrez izendatutako postuan goiko arropak eta elementuak hartu eta 30 minututan look urbanoa prestatu beharko dute, dendariaren aholku barik. Ondoren, agertokian jarriko dira eta herritarrek erabakiko dute, boto bidez, zein den look irabazlea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak