Hain justu ere, maiatzaren 12an, dinamikaren baitan, 19:30etik 20:00retara Bergaran egingo den senideen kontzentrazioa indartzea gura du, besteak beste, Bergarako Ezker Abertzaleak. Kontzentrazioaren ondorenerako, amnistiaren aldeko ekitaldia antolatu dute. Argazki erraldoia eta musika emanaldia izango dira horren baitan.
Euskal Herri mailako ekintzak
Gainera, Euskal Herri mailan egingo diren ekitaldietan parte hartzeko deia ere egin dute. Hala, maiatzaren 13an, manifestazioa egingo da Oreretan. Maiatzaren 20rako kartzeletara martxa antolatu da eta uztailaren 20tik 26ra bitartean, Gernikatik Arbizura egingo den Askatasun Martxan parte hartzeko deia ere egin dute. Era berean, Bergarako Ezker Abertzaleak bat egin du datozen egunetan presoen eskubideen alde antolatu diren ekimenekin; hala nola, zapatuan, maiatzaren 6an, Gasteizen, Preso Gaixoak Kalera lelopean egingo den manifestazioarekin, eta baita, maiatzaren 10ean, Bergarako Arrano tabernan egingo den Emakumea eta Kartzela hitzaldiarekin ere.
"EPPK-ren erabakia babestu"
Ekimenak alde batera, Bergarako Ezker Abertzaleak jakinarazi du, Euskal Preso Politikoen Kolektiboak laster bukatutzat emango duen eztabaida prozesuan hartuko dituen erabakiak babesteko konpromisoa hartuko duela eta herritarrak presoak etxeratzeko bidean mobilizatzen saiatuko direla.
Agerraldian adierazi dutenez, datorren astean betetzen dira 40 urte amnistiaren aldeko mobilizazioetan milaka herritarrek parte hartu zutenetik, eta egun ere, herritarrak aktibatzearen garrantzia azpimarratu dute.