Arkaitz Rodriguez: "Estatu propio bat behar dugu, bereziki, hobeto bizi ahal izateko"

Maite Txintxurreta 2017ko mai. 3a, 15:58

Sortuko bozeramale eta Ekintza Politikoko arduradunak Independentzia 2026? izenburupean hitzaldia eman zuen atzo, martitzena, Bergarako Arrano tabernan.

Astean Bergarako Arrano tabernan izan da Sortuko bozeramalea eta Ekintza Politikoko arduraduna. Independentzia 2026? izenburupean eman zuen hitzaldia. Taberna bete egin zen, eta bertaratutakoek gogotsu parte hartu zuten, Rodriguezi hainbat galdera plazaratuta. Jarraian, Rodriguezi egindako elkarrizketa:

Independentzia lortzearen helburua jarrita, zer egitea tokatzen da?

Egitea tokatzen dena da, gutxi-asko, Katalunian egiten ari direna. Hemen ere lortu behar dugu independentziaren alde egongo den gehiengo bat osatzea.  Kataluniarekin alderatuta, hemen abiapuntu dezente hobea daukagu; han, duela sei urte eskas, soberanismoa apenas heltzen zen %15era, eta hemen, Hego Euskal Herrian behintzat, %25aren bueltan gabiltza.

Kataluniaz gabiltzala, espainiar estatuak gai honekiko duen jarrera zer iruditzen zaizu?

Guri Eskoziakoa bezalako prozesu bat egin ahal izatea gustatuko litzaiguke. Gustatuko litzaiguke espainiar estatuak Ingalaterrak bezalako jarrera izatea eta herri honi bere etorkizunaz libreki erabakitzeko aukera ematea. Zoritxarrez, badakigu espainiar estatuak gure kasuan ere Kataluniarekin izaten ari den jarrera bera izango duela. Zentzu horretan, beraz, termino politiko eta instituzionaletan ere proiektatuko den gehiengo independentista artikulatu behar dugu, erabakitzeko eskubidea praktikan gauzatzea ahalbidetuko duena.

Nola irudikatzen du Sortuk balizko euskal estatua?

Estatu propio bat behar dugu, bereziki, hobeto bizi ahal izateko. Independentzia, azken finean, hori baino ez da, zu izango zarela zure buruaren eta zure erabakien jabe. Horrek esan nahi du, besteak beste erabaki ahal izatea zer nolako gizarte eta ekonomia eredu eraiki nahi duzun. Estatua nahi dugu, noski, nazioa garelako eta gure kultura eta gure hizkuntza defendatzeko, baina baita beste gizarte eredu bat eraikitzeko ere.

Zer ekarri du Sorturen birfundazioak?

Sorturen eta ezker abertzalearen birfundazioarekin egin nahi izan duguna da prozesu soberanistaren motorra puntuan jarri. Nolanahi ere, badakigu Sortuk ezin duela hori berak bakarrik burutu, eta asmoa da prozesu hori martxan jartzea horretarako nahia eta borondatea duten eragile guztiekin. Guk gure etxeko lanak egin ditu, berrantolatu dugu gure burua, eta hemendik aurrera ekingo diogu esandako prozesu hori martxan jarri nahi duten eragileekin elkarlan bat bilatzeari.

Hurrengo hitzaldiak Arrano tabernan

Arrano tabernak maiatzerako antolatu duen hitzaldi zikloko lehendabizikoa izan zen Arkaitz Rodriguezena. Hala, maiatzaren 10ean Emakumea eta kartzela berbaldia izango da, eta bertan Bilgune Feministako Oihana Etxebarrietak, Aitziber Plazaola preso ohi bergararrak eta Martxanterak talde feministako kideek hartuko dute parte.

Hilaren 17an, berriz, Indar Gorri errepresioaren jomugan hitzaldia izango da, Osasuna taldeko futbol hintxen errepresioari buruzkoa. Indar Gorri lagunarteko kideak eurak arituko dira hizlari.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak