Goiz iritsi ziren Euskal Herriko Slalom txapelketako zortzi lehiakideak Bergarako pilotalekura. Euren aurrean, oztopoz beteriko zirkuitu bat. Hala dirudien arren, oztopoak ez dira zoriz aukeratzen, "zirkuituko ateek adibidez igogailu baten neurriak dituzte. Lehiaketa honetako probak bizitza errealean topa daitezkeen elementuetatik hartzen dira", dio Agustin Toledo antolatzaileak.
Pilotaleku osoa hartzen zuen zirkuitu bihurriak, ez zituen lehiakideak izutu, eta banan-banan, denek pasa zituzten oztopo guztiak. Zortzi lehiakideen artean neska bakarra aritu zen. Ane Asensiok, aita alboan zuela, maila altua erakutsi zuen. Oiartzungo Haurtzaro Atletismo Taldeko kirolariak hiru domina lortu zituen.
Txapela Irunera
Hasieratik Oskar Sachezen maila agerikoa zen. Lehen zirkuitua ziztu bizian egin arren, irundarra ez zegoen guztiz pozik: "Zirkuituko kono bat botatzen dudan lehen aldia da" esan du. Hurrengo bi frogetan baina ez zuen hutsegiterik egin, eta azken slaloma irabazi ez arren, eguneko txapeldun nagusi izatea lortu zuen.
Aritz Bikuña sasoi onean
Lan ederra egin zuen Bikuñak herrikideen aurrean. Lehiatzen hasi aurretik "urduri" zegoela onartu arren, bergararrak nerbioak baretzen jakin, eta ohiko maila erakutsi zuen.
Frontoira iritsi bezain pronto agerikoa zen zapatukoa ez zela beste lehiaketa bat, txapelketa honek zerbait berezia zuen. Bikuña ez da egunero herrikideen aurrean lehiatzen, eta dominaren bat herrian lagatzeko asmoarekin irten zen lehiatzera. Hasierako hutsegite txikien ostean, entrenatzaileen gomendioei esker, baretu zen Bikuña, eta azken frogan bikain aritu zen. Horri esker lortu zuen bere mailako lehena izatea.
Ekitaldiaren amaieran, gustura zeuden antolatzaileak. Era berean, kirolarien gertukoek ere estimatu zuten bertara gerturatu ziren ikusleen jarrera eta txaloak.