Defentsan serio jokatu dute eta eskuin hegaletik min handia egin diote Getariakori hasieratik etxekoek. Defentsan ostutako baloi baten ostean egin du gola Machok; pase luzea maisuki kontrolatu ostean, atezaina menperatuz 13. minutuan. Eta jarraian bigarrenaren bila ekin diote bergararrak presioa eginez eta aurrean intentsitate handiaz jokatuz. Izarbek egin du 2-0koa penaltiz eta lehenengo zatia amaitu aurretik 10 jokalarirekin geratu da Getariako taldea. Aldagelara joan aurretik hainbat aukera izan dituzte hirugarrena egin eta norgehiagoka erabakitzeko baina ez dute ate aurrean asmatu.
Bigarren zatian ere etxekoen gol aukerak behin eta berriz heldu dira, hala ere 30. minutura arte ez dute Getariako taldearen atea zulatu. Izarbek mahoneroen hirugarren gola egin ostean beste biak jarraian etorri dira, eta beste horrenbeste egiteko aukerak izan dituzte. 4-0ekoa Iosu Diazek egin du kanpokoen defentsak bata bestearen ostean atzean utzita eta Agorrosingo ikusleak eserlekuetatik jaikiz. Partidua borobiltzeko gola Josu Herranek egin du berriz ere defentsak eta atezaina atzean utziz eta ordurako zoramena heldu da harmailetara. Oraindik ere bi jardunaldiren faltan egon arren beraz, Bergarak matematikoki igoera lortu du.