Duela bi urte, maiatzaren 23an, etxean galdu zuen Bergarak kategoria. Azken partidu hartan mahoneroek etxerako lanak ondo bete zituzten Martuteneri irabazita (1-0), baina ez zen nahikoa izan. Berri txarrak iritsi ziren Agorrosinera, Zarautzek eta Hondarribiak euren partiduak irabazi zituztelako. Bada, bi denboraldi erregional preferentean lehian ibili ostean, bihar (17:00) Agorrosinek festa galanta bizi dezake, Bergarak ostera ere dagokien tokira bueltatzeko aukera aparta duelako.
Oraindik hiru jardunaldi geratzen zaizkio Ligari, baina mahoneroek 8 puntuko abantaila dute; hala, bi puntu behar dituzte matematikoki mailaz igotzeko, eta nahikoa izango da bihar Getariako mendean hartzea helburua lortzeko –galduta ere, Urola derrigortuta dago Idiazabalen irabaztera–.
Zaleen babesa gura dute
Biharko deialdia egin dute klubetik, partidura joateko –sarrera doan da–: "Partidurako jendearen babesa eskatu nahi dugu zuzendaritzatik. Urte osoan egin bezala, zaleek Agorrosin betetzea nahi dugu eta guztion indarrarekin partidua irabazi eta igoera ospatu. Sarrera doakoa izango da eta klubeko bazkideek, euren txartela erakutsita, opari bat jasoko dute denboraldi osoan emandako babesa eta laguntza eskertzeko. Dei egiten diegu zale guztiei Bergara kirol Elkarteko kamiseta eta bufandak hartu eta futbol zelaira joateko. Igoera gauzatuz gero, lehen ospakizunak zelaian bertan egingo ditugu, jokalari eta zaleak elkartuz. Musika, txanpain eta suziririk ere ez dira faltako. Ondoren, zaleekin batera kalera aterako ginen kalejiran eta Bergarako kaleetan jarraituko zuen festak. Zuzendaritzako kide eta jokalariek herriko jatetxe batean ospatuko lukete lorpena eta gauen berriz buelta kalera herritarrekin batera ospakizunekin jarraitzeko. Ondo bidean, seguru zapatuko gaua oso luzea izango dela Bergaran".
Bergarako infantilek Euskal Selekzioa izan dute aurrean
Aste barruan Bergara Kirol Elkarteko Infantil Txiki taldeak Euskal Selekzioko U12 taldearen kontra jokatu du Zubietan. Carlos Romerok eta Pedro Zafrak entrenatutako mutilak oso pozik itzuli ziren Zubieta aldetik, "Esperientzia benetan aberasgarria izan da jokalari guztiondako", adierazi dute klubetik.