Sormen tailerra izango da udako eskaintzaren berrikuntza nagusia

Eneko Azurmendi 2017ko api. 26a, 16:16

Bergarako Udalak haur eta nerabeentzat eskaintza bateratua prestatu du uda honetarako, sei multzotan banatuta. Multzo horietako bat da, hain zuzen, sormen tailerra da, eta haurrek antzezlan bat sortzea izango da helburua. "Objektuak, jantziak, atrezzoa eta adierazpen korporala landuko dute haurrek", azaldu du Maite Agirre kultura zinegotziak.

Esan moduan, eskaintza guztia sei multzotan banatu du Udalak: udaleku irekiak, kanpamendu teknologikoak, kirol kanpaina, sormen tailerra, bibliopiszina eta uretako indusketak.

Udaleku irekiei dagokienez, 2 eta 12 urte bitarteko neska-mutikoei zuzendutako zerbitzua da, non aisialdi euskalduna eta hezitzailea eskaintzen den, Izaskun Labaien Euskara, Gazteria eta Hezkuntza zinegotziaren esanetan. Udaleku ireki hauek uztailaren 3tik 28ra izango dira, 10:00etatik 13:00etara. Familiek, iaz egin zuten moduan, hiru edo lau asteko udalekuak aukeratu ahal izango dituzte, hau da, uztailaren 3tik 21era edota uztailaren 3tik 28ra.

Kanpamentu teknologikoak ere izango dira aurten, bigarren aldiz, haur eta nerabeak teknologia eta zientziaren munduan barneratzeko helburuarekin.

Kirol jarduera ezberdinak ere ez dira faltako aurtengoan, besteak beste, igeriketa, eskalada, tenisa eta ur jolasak. Hemen ere badaude berritasunak:

Helduetan:

·        Nordik walking ibilaldiak egingo dira goizetan

·        Jarduera ezberdinak ikastaro batean probatzeko aukera egongo da. Multi jarduera 1 eta multi jarduera 2 deitu diegu.

o       Multi jarduera 1 ikastaroan, Xfit, jumpfit eta areto txirrinda ekintzak egingo dira.

o       Multi jarduera 2 ikastaroan, body balance eta pilathes egingo dira.

Haur eta gazteetan:

·        Gazteen artean Dance Hall ikastaro eskainiko da. Modako dantza  ikastaroa izango da.

·        Ur jolasak eskainiko ditugu. Bertan uretan egin daitezkeen kirol eta jolas ezberdinak landuko dira. Arratsaldez izango da igerilekuan.

·        Gazte txapelketak aurtengo urtean bi asteko iraupena izango dut eta bakarrik frontenis eta padel txapelketa egingo da.  2 pertsonako taldeak izango dira. Irabazleek kirol materiala lortu ahal izango dute sari bezala.

Era berean, uda sasoian irakurzaletasuna sustatzea ere gura du Udalak eta horregatik, haurrentzako zein helduentzako zerbitzua eskainiko du Liburutegiak Agorrosingo estali gabeko igerilekuetan. Ekainaren 26tik uztailaren 21era izango da, 15:00etatik 18:00etara.

Aurtengo berrikuntza nagusiena, baina, sormen tailerra izango da. "Urte hasieran ideia lehiaketa jarri genuen abian, eta bertan, haurren aldetik, komedia eskola bat sortzeko proposamena jaso genuen. Ideia oso ona iruditu zitzaigunez, udako eskaintzan ideia horretatik abiatutako proiektua eskainiko dugu lehenbizikoz", adierazi du Maite Agirre kultura zinegotziak.

Azkenik, uretako indusketa arkeologikoa izango da eta bertan, duela ehunka urte hondoratu zen Uluburu itsasontziaren ur azpiko indusketa egingo da.

Eskaintza oparoa eta zabala dela azpimarratu du Maite Agirre kultura zinegotziak eta, bide batez, herritarrak parte hartzera gonbidatu ditu. "Ikusi dezakezuen moduan, eskaintza ugari eta oparoa antolatu dugu udarako, haurrentzako, gazteentzako eta baita helduentzako ere. Beraz, Udaletik gonbidapena luzatzen dizuegu ekintza hauetan parte hartzeko", bukatu du Agirrek.

Izen-ematea zabalik

Antolatutako ekintza guztietan izena emateko epea dagoeneko irekita dago eta maiatzaren 12a izango da horretarako azken eguna, kirol kanpainan izan ezik, hau ekainera arte luzatuko da eta.

Izena emateko, www.agorrosin.net helbidera mezu bat idatzi edo 943 777 095 telefonora deitu.

Kirol kanpainako izen emateei dagokienez, aurten ez da zozketarik egingo. Salbuespen bakarra, igeriketa eskolako hasiberrien lehen mailan, zapaburuetan izango da. Bertan, oraindik, plaza zozketa egingo da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak