Udalak Zetabi Arkitektura Bulegari esleitu zion proiektu teknikoa (6.031,85 eurotan), eta exekuzioa, berriz, Sasoi eraikuntza enpresari (180.000 eurotan).
Boni Laskuraingo bidegorri zati berriaren aurkezpenean, Elena Lete alkateak nabarmendu du gaur egun ere pasealekuari "bidegorri erabilera" ematen zaiola, oinezko zein txirrindulari ugari igarotzen baitira bertatik. Hori dela eta, lanon helburu nagusia "trafiko hori ordenatzea" dela argitu du. Horrez gain, nabarmendu du gune horretan ikastetxe ugari eta hezkuntza osasun eta kirol instalazioak daudela; hortaz, erabilera handia duenez, "bereziki garrantzitsua" deritzo. Arlo honetan, proiektua zehaztean hainbat eragilerekin batera burututako partaidetza prozesua nabarmendu gura izan du alkateak. Ikastetxeek edota San Joxepe elkarteak parte hartu dute, eta "haien beharrak kontuan izanez" burutu dute proiektua, Leteren esanetan.
Alkateak nabarmendu du honakoa "aurrerapauso garrantzitsua" izango dela herriko bidegorri sarea osatzeko bidean: "gogoratu behar da Gipuzkoako Foru Aldundiak Urteaga kalean bidegorriari amaiera ematen dion puntutik -etorkizunean Antzuola eta Bergara lotuko dituen bidegorria egingo duten gunean- autobus geltokiaren ondoan dagoen puntura arteko bidegorriko lanak ere abian direla, eta Ernai kalearen biribilgunetik Buruñao auzoko zubira bidegorria ere laster egingo dela".
Boni Laskurain eta Ernai arteko bidegorria amaituta, Ugarte kaleko (Aintxintxurri gunea) bidegorri zatiaren lanekin hasiko da Udala eta 2018 urtera begira, aldiz, San Antoniokoaren lanak hastea aurreikusten da.
Bidegorriaren ezaugarriak
Oraingoan eraikiko duten bidegorri zatiak 600 metroko luzera izango du, Udaleko aparejadore Edu Alvarezek azaldu duenez. Zati horretan, Boni Laskurain kalearen atzealdetik sartuko da bidegorria, eta beheranzkoan eskuinaldetik joango da. Hala, gaur egun bertan dauden eserleku eta kirol tresnak pasealekuaren beste aldean jarriko dituzte, lorategiaren ondoan, hain zuzen. Hilerri parean, berdegunetik joango da bidegorria, eta aurrerago, espaloitik. Hain zuzen, San Martin Herri Eskola pareko gunean espaloia handitu egingo dute oinezkoek zein bizikletek toki handiagoa izan dezaten.
Zubiari dagokionean, Alvarezek azaldu du ezkerreko espaloia txirrindulariek erabiltzeko izango dela, bertatik pasako dela bidegorria, alegia. Eskuineko aldea, berriz, oinezkoendako izango da. Nabarmendu dute Alkabietako 7,9 eta 11 zenbakien aurrealdean ez dutela jabetza pribatuko lurren gaineko akordiorik lortu, eta zati horrek, beraz, egungo moduan jarraituko duela.