Errenta aitorpena egiteko sasoia Gipuzkoako Ogasunaren Bergarako bulegoan

Maite Txintxurreta 2017ko api. 19a, 11:12

2016ko errenta aitorpenaren kanpaina martxan dago dagoeneko. Beti bezala, berau egiteko hiru modu daude. Erdiak baino gehiagok autolikidazio proposamena jaso dute etxean, eta horrakoa telefonoz edo internetez onartu dezakete. Bestalde, internet bidez ere egin daiteke errenta aitorpena, eta azkenik, modu mekanizatuan, aitorpena jaso eta onartu ez dutenentzat.

Atzo, martitzena, hasi zen errenta aitorpena mekanizatua egiteko epea, besteak beste, Gipuzkoako Ogasunak Bergaran duen bulegoan. Epe hori ekainaren 26ra arte egongo da irekita, eta errenta aitorpena teknikari batekin egiteko derrigorrezkoa da aurrez txanda hartzea. Bulegoan bertan, telefonoz edo internetez egin daiteke hori (902 100 040 telefonoan edo www.gipuzkoa.net/ogasuna webgunean).

Bergarako bulegoko arduradunek azaldu dute bulego horretan 8.000 aitorpen inguru egingo dituztela aurten. Lehenengo egunotan ez dabil jende askorik bulegoan, eta hasieran txanda gutxiago ere ematen dituztela azaldu dute, martxa hartu bitartean.

Gipuzkoa mailan, kanpainan 376.000 aitorpen egitea aurreikusten dute, eta, batez beste, 1.030 euro itzuliko dizkio ogasunak aitorpena itzultzera duen zergadun bakoitzari. Ordaintzera dutenek, berriz, 1.906 euro ordaindu beharko dituzte.

Araudiari dagokionean, aldaketa nagusiak langileen partaidetza sustatzeko Foru Arauaren onarpenak ekarri ditu, kenkariak hobetu direlarik erosle zein saltzaileentzat. Horrez gain, aurten lehenengoz salbuetsita geratuko dira minbizia edota gaixotasun larriak dituztenen zaintzarekin erlazionatutako diru laguntzak eta baita eskola kirolarekin lotutako zenbait jarduera ere.

Euskaraz egiteko aukera

Ogasunak herritarrak errenta aitorpena euskaraz egin dezaten animatzeko kanpaina bat ere badauka martxan. Iazkoan Gipuzkoako herritarren %15,5ak bakarrik egin zuen euskaraz, nahiz eta urtez urte kopuru hori gorantza doan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak