goiena.eus

"Bergarako zaleei asko eskertzen diet halakoetan ematen didaten babesa"

  Kirola  Bergara GAURKOAK

Beñat Rezustak herritarrei eskerrak eman nahi izan dizkie emandako indar eta animoengatik. "Beti esan izan dut oso eskertuta nagoela, asko mugitzen direlako". Horrez gain, bergararra eta Iker Irribarria "oso pozik" azaldu dira, domekan irabazitako txapela eskuan dutela. 

Ordiziako sagardotegi batean ospatu zuten garaipena. "Domeka gaueko ospakizuna oso polita izan zen. Asko gustatu zitzaidan guztia nola prestatuta zeukaten, bai dantzak, bai bertsoak… Oso eskertuta gaude, asko mugitu direlako eta horrelako gauza bat antolatu dutelako", adierazi du Rezustak. "Aspaldian festa askorik egin gabe nengoen eta gustura ibili ginen domekan, tokatzen zen horrelako gauza bat lortu eta ondo ospatzea", azaldu du bergararrak.

Bergarako zale asko hurbildu ziren domekan, bai partidura, baita ondorengo afarira ere, eta herritarrei eskerrak eman nahi izan dizkie Rezustak. "Partidura jende asko joan zen eta ondorengo afarira ere bai. Beti esan izan dut oso eskertuta nagoela, horrelako egunetan asko mugitzen direlako, eta domekan ere, hala izan zen", azpimarratu du.

Bergararrak aitortu du finaleko azkeneko tantoa seinalatua izan zela berarentzat. "Aurretik ere eduki genuen partidua bukatzeko aukera, baina ezin izan genuen lortu, eta azken tanto hori ondo gogoan daukat. Ondorengo ospakizunak ere bai, baina tanto hori nabarmenduko nuke", dio.

Hasieran, lotuta

Partidu hasieran lotuta aritu zela aitortu du Rezustak. "Gaizki ez nintzen ikusten, baina batez ere hankak mugitu ezinda sentitu nintzen. Berotzen eta sentsazio onak nituen, baina gero beldur apur batekin hasi nuen partidua, eta eskua askatzea kostatu egin zitzaidan". Gainera, aurkariek ere estutu zuten hasieran. "Esan moduan, lotuta nengoen eta erdi partean 13-12 inguratu ziren markagailuan. Gero guk egin genuen aurrera, baina eurak asmatzen jarraituz gero, aurrera egiteko aukerak zituzten eta puntu horretan arriskua egon zela uste dut", zehaztu du bergararrak.

Partiduaren bigarren zatian, ordea, horri buelta ematea lortu zuela onartu du. "Tanto batean pilotakada on batzuk jo nituen eta hortik aurrera hobera egin nuen, partiduaren bigarren zatian askoz hobeto aritu nintzen". Horrez gain, Larunberen hutsek ere baldintzatu zuten partidua. "Partidua nahiko ondo hasi zuen, baina gero pilota batzuk galdu zituen, konfiantza ere galdu zuen, eta atzera kargatutakoan ikusten zen huts batzuk egiten zituela", azaldu du Rezustak.

Txapelketako onena

Binakako Txapelketako jokalari onena izendatu dute bergararra. Hala ere, txapelari garrantzia gehiago ematen dio. "Nik uste hori ondo dagoela, baina ilusioa egiten didana txapela da. Pilotari onenaren sari hori nik irabaztearen merituaren zati handi bat Ikerrena dela uste dut, Izan ere, berarekin oso eroso jokatu dut, asko lagundu dit eta aurrelari batek horrela lagunduta, atzelari batek askoz errazago jokatzen du".

Reyes Azkoitia, pozik

Rezustak Reyes Azkoitiarekin eman zituen lehenengo urratsak pilotari moduan eta Azkoitiak berak, "ilusio handiz" hartu du "asko sufrituta" irabazitako txapela. "Partiduaren lehenengo zatian zalantza batzuk eduki genituen. Rezusta ez genuen hain solte ikusten eta astean zehar erdi gaixorik ere ibili zen. Hasieratik ondo hastea garrantzitsua zen eta ez zen hala izan, beraz, sufritzea tokatu zitzaigun", aitortu du. Hala ere, orain gozamena handiagoa dela dio. "Txapel bat ez da irabazten sufritu gabe, berari ere esan diot. Sufrituta irabazi ostean, gozamena ere askoz handiagoa izaten da".

Rezustak txapela irabaztean sentitu zuena, ezin omen du hitzez azaldu Azkoitiak. "Emozio izugarria. Ezin dut hitzekin azaldu zer sentitzen dudan, bizi egin behar da".

Orain, Buruz Burukoa

Gaur aurkeztu duten Buruz Buruko Txapelketan zentratzea dagokio orain Beñat Rezustari. Gogotsu eta, aldi berean, zuhur dago bergararra. "Ilusioa egiten dit txapelketa hau jokatzeak, baina badakit zaila izango dela. Urte osoan sake bat atera gabe eta aireko joko gutxi eginda nago. Hemen guztia aldatzen da. Baina, ahal den heinean, ondo entrenatzen saiatuko naiz eta ea ondo iristen naizen", dio.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa