106 txirrindularik hartu dute irteera gazte mailako lasterketan. Labegaraietatik irten eta, saihesbidetik, Osintxurainoko joan-etorria egin dute hiru aldiz. Laugarrenean, Osintxutik bueltan, Elgeta aldera hartu dute, San Juango biribilguneraino. Handik, berriro saihesbidetik, Labegaraietan sartu dira.
Eta, azken itzuli horretan, helmugarako hiru kilometro geratzen zirenean, egin dute ihes hamabost bat txirrindularik. Azken biribilgunean elkarrekin sartu dira. Esprint luze eta parekatu baten ostean, Baionako txirrindularia izan da azkarrena.
Lasterketarako estrategia
Pozik zegoen Patxi Darthayette. "Behin eta berriz ibilbide berbera egin dugula aprobetxatu dut zirkuitua aztertzeko. Ez nituen hemengo errepideak ezagutzen. Ibilbidean zehar ihesaldi saiakera gehiago egon dira, baina, handiena eta indartsuena, bukaerako izan da", esan du bukaeran.