Rezusta eta Irribarria txapeldun

Oihana Elorza Gorostiza 2017ko api. 9a, 19:48

Beñat Rezusta eta Iker Irribarria dira binakako txapeldun (22-14) berriak. Oinatz Bengoetxea eta Mikel Larunbe izan dituzte aurkari Bilboko Bizkaia frontoian. Ingurukoei eskaini die txapela Rezustak: etxekoei, lagunei eta neska-lagunari. Bergarako frontoian ere ospatu dute herrikidearen garaipena. Txapelketako pilotari onenaren txapela ere Rezustak irabazi du.

Partidua hasi aurretik gipuzkoarren alde egiten zuten frontoira joandako gehienek. Orain arteko lana eginez gero garaipena eurena izango zela zioten askok, baina gaur zela eguna lan on hori beste behin erakusteko. Eta horrela izan da. Rezustak eta Irribarriak txapelketan orain arte egindako lana borobildu eta txapeldunen txapelak jantzi dituzte.

Pilota aukeraketak sortu zituen iritziak fresko-fresko zeuden pilotariak kantxara irten direnean. Baina, hasierako tantoetan, ez da piloten eraginik ikusi. Oso parekatua izan da seigarren tantora arte. Bikote gorriari (Irribarria-Rezusta) kosta egin zaio partiduan sartzea, eta, hori, oso ondo aprobetxatu dute Bengoetxeak eta Larunbek.

Baina, 6-0 partzialari esker, errenta zabaldu dute Irribarriak eta Rezustak. Tarte horretan hobeto jokatu du Irribarriak, eta, hainbat akats egin ditu Larunbek. Hiru pilota bidali ditu goiko koltxoira eta beste bi txapa azpira.

Bikote urdinaren erreakzioa

Bengoetxeak eta Larunbek ez dute amore eman, eta, atzelaria berpiztu egin dela aprobetxatuz, 13-12 hurbildu dira markagailura. Ilusio bat besterik ez da izan. Bost tanto egin dituzte jarraian gorriek (18-13) eta lehia ia erabakita utzi dute. Gainera, Larunbe berriro ere hutsak egiten hasi da. Gorrien azken tantoa ere goiko txapara bidali du.

Zaleak Bilbon eta Bergaran

Bizkaia pilotalekua zabaldu orduko jende asko zegoen zain kanpoan. Gehienak Beñat Rezusta (Bergara) eta Iker Irribarriaren (Arama) aldekoak. Bi autobus bete dituzte euren zaleak eta gustura ospatu dute gero garaipena. Bergarako udal pilotalekuan ere gertutik jarraitu dute finala han jarritako pantaila erraldoiaren bidez.

 

Sariak

Bizkaia frontoian zeuden ikusleen artean pilotarien jarraitzaile eta pilota zaleez gain, erakunde ezberdinetako ordezkariak ere izan dira. Hala nola: lau pilotarien herrietako alkateak, Bilboko alkatea eta kirol eta kultura departamenduetako sailburua eta diputatua.

Txapelketako pilotari onenaren saria ere Rezustak irabazi du: "Bai, pozik nago horregatik ere baina txapelketako txapelak garrantzi handiagoa du, Ikerrekin batera irabazi dut-eta".

Reyes Azkoitia ere Bizkaia frontoian izan da eta oso urduri egon dela aitortu zien kazetariei partidua bukatu eta berehala: "Finala ezin da irabazi gaizki jokatuta, eta ondo jokatu beharra zegoen. Sekula ez naiz hain urduri egon. Oso pozik nago".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak