Ormaiztegirendako ere partidua erabakigarria izan da. Irabazi edo irabazi izan da eurendako premisa. Eta bi taldeek zuten puntu beharra antzeman egin da kantxan. Tentsio handiko lehia izan da, baina, ez da joko zikinik egon.
Bi taldeek garbi izan dute zein zen euren lana. Bergararren oso ondo egin dute lan hori. "Euren jokoa geratzea zen gure helburua. Kontraerasoak ekidin edo moztu. Joko geldoa egitera behartu behar genituen, eta, lortu dugula esango nuke", esan du Orgazek.
Bereziki, bigarren zatiaren lehen ordu laurdena izan da erabakigarria. Atsedenera bi golekoa errentarekin heldu ostean (10-8) ondo jokatu dituzte euren aukerak bergararrek. Erasoan fin ibili dira eta baita defentsan ere. Hori horrela, Ormaiztegiri asko kosta zaio jaurtiketa garbiak topatzea. Eta, lortu duenean, han egon da Gorriti atezaina. Geldialdi erabakigarriak eginez. Tarte horretan, 6-2ko partziala egin dute etxekoek.
Bost-sei goleko errenta
16-10ekoarekin hutsartea eskatu du Ormaiztegiko entrenatzaileak. Bergararren erasoko jokoa gelditu guran, emaitza handirik eman ez dion, hainbat aldaketa egin ditu. Orgazen taldeak errenta bost eta sei golen artean mantendu du.
27. minutuan bi jokalari gutxiagorekin geratu dira etxekoak eta Ormaiztegik hortzak estutu ditu markagailua estutze aldera. Baina, bergararrek ez dute huts egin azken minutuetan, eta, bizirik mantentzeko puntu garrantzitsuak lortu dituzte.