Ordu batzuk barru iritsiko da Korrika Bergarara. Lehenago, arratsaldez, umeen txanda izango da. 15:15ean Korrika Txikia abiatuko da San Martin eskolatik. Oxirondoko azokan testigua pasako diete Aranzadikoei, eta hauek, Espoloian, Mariaren Lagundikoei. Bukaeran guztiak plazan elkartuko dira.
17:30ean txokolatada izango da Oxirondoko azokan. 18:00etan, berriz, Moises Azpiazu dantza taldekoen erakustaldia. Eta, bien bitartean, umeendako jolasak.
Xaxauk antolatutakoak
19:00etan, berriz, 16 urtetik gorakoendako euskararen aldeko ginkana hasiko da Errotalde parkean (izen ematea: Arranon eta Ganbaran. Egunean bertan ere apuntatu daiteke). 21:30ean, afaria egingo dute Kartzela Zaharrean, eta 23:00etan, berriz, kalejiran abiatuko dira gaztetxetik Amillagaraino. Han, beroketa jolasak egingo dituzte Korrikari itxaron bitartean.
Osintxuko egitaraua
Osintxun, 18:00etan Korrika txikia egingo dute, ludotekatik plazaraino. Gero, txokolatada. Iluntzean kantu poteoa izango da, Aretxabaletako kantariekin, eta ondoren, bokata jana plazan. Gauerdia pasa berritan iritsiko da Korrika (00:08etan dago aurreikusita). Soraluze aldetik, eta hortik Bergarara.
Lekukoaren eramaleak
Osintxuko sarreran Antxintxika triatloi taldea izango da lekukoa hartzen lehena, eta horiek Txuringo Kultur Elkartekoei pasako diete.
Osintxuko irteeratik Bergarako sarreraraino, berriz, ondorengoek eramango dute lekukoa: Bergarako Banda (musikariak eta abeslariak, orkestra, Musika Eskola), EH Bildu, Labegaraietako koadrila, Angiozarkoak (herri eskola, herri batzarra eta guraso elkartea), Ezker Abertzalea, eta, azkenik, Etxerat eta Gure Artera elkarteak.
IAT-ITV parean Udaleko langileek hartuko dute testigua, eta horiek Auzoko, Xaxau eta Gaztetxeak osatutako taldeari pasako diote; hauek, Ipintza eta San Martin ikastetxekoei, eta ondoren Migel Altuna eta EPAkoek hartuko dute. Konde Panaderokuan, berriz, Aranzadi ikastolak hartuko du, eta Barrenkalean gora abiatuko dira. Ikastolakoek Jarduni pasako diote lekukoa, hauek Udalari, eta Udalak Mariaren Lagundiari.
Bukatzeko, San Antonioko biribilgunean Goienak jasoko du lekukoa, eta Aranzadi Ikastolako langileei pasako diote. Hauek Urteaga kalearen bukaeraraino joango dira, eta bertan Antzuolako lehenengo ordezkariei, Elaykoei, emango diete testigua.