goiena.eus

Segurtasuna hobetzeko eta txukunketako lanak egingo ditu Udalak hainbat auzotan

  Ekonomia  Bergara

Datozen asteetan lan desberdinak egingo dituzte Angiozarren, Buruñaon, edota Basalgon. Lehen bi auzoetakoak segurtasuna bermatzeko eta ingurua txukuntzeko lanak izango dira, eta Basalgon, berriz, haizeteak kaltetutako pilotalekuko estalpea konponduko dute.

Angiozarren segurtasuna bermatzeko lanak egingo ditu Udalak. Izan ere, auzoko frontoiaren atzeko hormaren alboan lau metroko zuloa dago eta arrisku egoera "handia" omen da, "ume eta haurrentzat batik bat", auzo eskola ondoan baitago. Hala, sastraka eta zuhaitzak kenduko dituzte lehenik, jarraian behin-behineko babes zinta jarri, eta ondoren hesia ipiniko dute bertan. Lanok hilabeteko epean egingo dituzte, eta 8.000 euro inguruko aurrekontua izango dute horretarako.

Basalgo auzoan berriz, pilotalekuko estalpea konponduko dute. Sasoi Eraikuntzak SL enpresak egingo ditu lanak hamabost eguneko epean, eta aurrekontua 6.594,74 eurotakoa da.

Azkenik, Buruñao auzoko segurtasuna bermatzeko lanak adostu dituzte. Auzoko plazan dauden maila desberdinen arteko altuerak eragin ditzakeen arazoen aurrean, baranda bat ezarriko dute. Talleres Filber enpresak jarriko du baranda, eta aurrekontua 1742 eurokoa izango da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa