Txapa Irratiko Halabalooza irratsaioak jaialdi ezin bereziagoa prestatu du zapatu honetarako. Denetariko musika estiloetako taldeak jasotzen ditu kartelak: pop, trap edota "Bergararekin lotura estua duten" Ttun-Ttun Brigade errioxarren euzko elektropopa, besteak beste.
22:00etan hasita, honako taldeak igoko dira taula gainera: Zazkel, Franco, Gorpuzkingz, Magnetico Grupo Robot, Ttun-Ttun Brigade, Dr. Krzyck eta Annunaki. Jaialdian photocalla ere izango da, eta "look onenarekin" joateko deia egin dute.
Zazkel bilbotarrak aurten BBK Live jaialdi sonatuan izango dira, Banden Lehia irabazi ostean. Franco ere bilbotarrak dira, eta Ebrovision bezalako jaialdietan jo izan dute. Gainera, laugarren lana kaleratu berri dute, eta kantuok Bergaran joko dituzte lehenengoz. Magnetico Grupo Robot bermearrek ere hiru lan kaleratu dituzte dagoeneko. Gorpuzkingz, berriz, Euskal Herriko lehen trap taldea da. Dr. Krzyc "jugoslabiarra" eta Anunnaki DJ lanetan arituko dira, eta azken horrek proiekzioak ere erabiliko ditu.
Ttun-Ttun Brigaderen lan berria
Atzo, eguena, Ttun-Ttun Brigadek hiru abestidun lan berria kaleratu zuen, Vol. 3, eta Bandcamp plataforman entzungai dago. Bergaran joko dituzte kantuok zuzenean lehenengoz. Errioxarren aurreko lanetakoek bezala (Vol.1 eta Vol.2), Euskal Herriko "zortzi probintzietako" gaiak jorratzen dituzte lan honetako kantuek.
Album berria kaleratzeaz, gain, bihar, zapatua, lan horretako Giriak Zarautzen kantuaren bideoklipa ere estreinatuko dute.