Gerrako oihuak doinu bakezalez estaltzera

Maite Txintxurreta 2017ko mar. 31a, 08:29

Bergarako Orfeoiak Karl Jenkins konpositorearen The Armed Man obra taularatuko du bihar, zapatua, Udal Pilotalekuan. Gerraren eta bakearen gaineko hausnarketa sakona izan nahi duen emanaldi horretan, kolaborazio ugari izango dute Orfeoikoek: Intxorta 1937 elkartea, Camden Town dantza taldea... sarrerak 10 eurotan eskura daitezke.

Kontzertu berezia izango da Udal Pilotalekuan (20:30), Bergarako Orfeoiak antolatuta. Orfeoiaz gain, Bergarako Orfeoi Gazteak, Intxorta 1937 taldeak eta Camden Town dantza taldeak ere hartuko dute parte, baita emanaldi horretarako antolatutako zortzi musikariz osatutako ganbera-orkestrak ere –bi perkusio-jole, hiru tronpeta, organoa, pianoa eta biolontxeloa–. Karl Jenkinsen The Armed Man obra taularatuko dute.

Bakearen aldeko mezua

"Obra honek bakearen aldeko eta gerraren kontrako mezua eman nahi du", azaldu du Karlos Etxanizek, Bergarako Orfeoiko presidenteak. Bakearen aldeko meza bezala planteatuta dago obra, eta, interpretatuko dituzten hamabi piezetan, erlijio, kultura eta hizkuntza desberdinak agertzen dira islatuta.

Gerraren baitako egoera desberdinak jorratzen dira Karl Jenkinsen obra horretan, Orfeoiko presidenteak azaldu duenez: "Prestaketak, batailako uneak eta gerra pasatzean geratzen dena".

"Gurera ekarrita"

"Gerra mundu guztian dago, baina, agian, guri gertuen tokatzen zaiguna gerra zibila da. Urte asko pasa diren, oraindik ere oso presente daukagu". Jenkinsek Kosovoko gerra sufritu zutenei eskaini zien lan hori, eta guk gurera ekarri nahi izan dugu".

Horretarako, Intxorta 1937 elkartearen laguntza izan dute. "Alde batetik, istorioa hornitzen lagundu digute; esaterako, dekorazioarekin. Bestetik, errepresentazio baten ere parte hartuko dute, gerra zibil garaiko giroa irudikatuta".

Izan ere, Orfeoikoek azaldu dute gustatzen zaiela eurek taularatzen duten kontzertuek "zerbait gehiago" izatea, ez dadila izan obra originalaren erreprodukzio hutsa bakarrik izan.

40 pertsona inguruk dihardute Bergarako Orfeoian, eta horietako lau bakarlari lanetan ere arituko dira: Nere Ibarra (sopranoa), Ainara Uribesalgo (kontraltoa), Rafa Moñux (tenorea) eta Karlos Etxaniz (baxua).
Kontzertu horretan, arlo desberdinetan parte hartuko duten guztiekin batera, 100 pertsona inguru izango dira. Etxanizek eskerrak eman nahi izan dizkie kolaboratuko duten guztiei, Orfeoikideen izenean.

Jenkins, bigarrenez

Iaz ere Karl Jenkinsen beste obra nagusietako bat taularatu zuten frontoian, Adiemus Colores ikuskizuna, hain zuzen, eta emanaldi arrakastatsua izan zen. Etxanizek azaldu du orduan dudatan egon zirela Adiemus Colores edo The Armed Man taularatu. Hala, iaz lehena egin zutenez, oraingoan, bigarrenarekin egin dute aurrera. "Obra oso polita da, gaurkotasun handikoa eta gure abesbatzarako oso aproposa", dio Orfeoiko presidenteak.

Bideoz lagundutako kontzertua

Emanaldiaren ardatza musika izango den arren, kontakizuna laguntzeko bideoak proiektatuko dituzte. "Musikak gerra oso ondo irudikatzen du, baina, gainera, bideoarekin ikusleei lagunduko diegu egoera horretan koka daitezen".

Jenkinsek berak ere hala aurkeztu zuen obra, bideo irudiz lagunduta. Orfeoikoek, baina, bideo propioa egin dute, eta bertan, besteak beste, gerra zibileko irudiak ikus daitezke. Markel Castelo bergararra arduratu da bideoa egiteaz.

Sarrerak salgai

Kontzertu berezi horretarako sarrerak badaude oraindik. 10 eurotan eros daitezke, eta sarrera zenbakituak izango dira. Hain zuzen, Pikupe.com-en, Kutxabanken webgunean eta Pikupe Produkzioen Artekaleko bulegoan eskuratu daitezke.

Kontzertuaren aurretik, Udal Pilotalekuko txarteldegian ere eros daitezke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak