Guztira 700.000 euro inguruko kostua izan du gasolindegia martxan jartzeak eta bi lanpostu sortu dira. Autoentzako bakarrik diren bi hornigailu ditu gasolindegi berriak, eta langile batek nahiz norberak hornitzeko modua dago.
Urtean 83.000 auto pasatuko direla espero da Bergaran zabaldu den hirugarren gasolindegi honetatik. Zerbitzugunea eraikitzeaz gainera, asfaltoa berritu dute supermerkatuko aparkalekuan, eta eremu hartako sarbideak hobetu dituzte: biribilgune bat egin dute, eta industrialdetik datozenak zuzenean aparkalekutik irteteko modua izango dute.
Irekiera honekin, guztira hamazazpi gasolindegi ditu Euskal Autonomia Erkidegoan Eroskik. BP petrolio operadore britainiarra da Eroskiren hornitzailea haren gasolindegi guztietan eta hornidurarako, CLH operadore logistikoa erabiltzen du.
Bergaran hiru gasolindegi daude gaur egun: Eroskik zabaldu berria, Antzuolako mugan dagoen Aviarena eta Amillagako Repsolena.