Apirilaren 23an Liburuaren Nazioarteko Eguna denez, irakurketarekin lotutako hainbat ekintza antolatu dituzte datozen egunetarako.
Hasteko, bihar, martitzena, Aldo Mendez kubatarraren ipuin kontaketa izango da Irizar jauregian, 19:30ean hasita. Las cosas en su sitio izeneko gaztelerazko emanaldiarekin dator Mendez Bergarara. Helduei zuzendutako narrazioa da, eta fikzioa eta errealitatea uztartzen dituzten ipuin desberdinez osatuta dago.
Bestalde, egubakoitzean, martxoak 31, beste ipuin kontaketa bat izango da, haurrei zuzendutakoa, kasu honetan. Amaia Nekanek eskainiko du, 18:00etan hasita, Udal Liburutegian.
Zozketak
Horrez gain, liburuaren egunera begira Udalak bi e-reader zozkatuko ditu gaurtik (martxoak 27) apirilaren 27ra bitartean Liburutegian maileguren bat egiten dutenen artean. Apirila amaieran egingo dute zozketa hori. Gainera, Udalak 1000 liburu banatuko ditu Liburutegiko libururen bat maileguan hartzen dutenen artean.
"Herritarrak irakurtzera animatu" gura dituzte Udaletik, "ipuin eta eleberriez gozatzeaz gain, ikasi eta ilustratzeko modu bat ere badelako irakurtzea", dio Maite Agirre kultura zinegotziak. Hala, bergararrak animatu ditu liburutegiko liburuak irakurri eta zozketan parte hartzera.