Talde ederra batu da zuhaitz landaketan eta umeen jolasetan Gorlan

Miren Arregi Amasorrain 2017ko mar. 26a, 16:30

Kirolak eta naturak bat egin dute gaur Gorlan. Batetik, XLIII. Gorlako igoera ospatu da; bestetik, Natura eguna, Iturriberrin (Gorlako kantina inguruan). Umeen jolasetara asko eta asko animatu dira eta oso jendetsua izan da baita ere, zuhaitz landaketa. Urkiak, pagoak eta haginak landatu dituzte.

Naturarekin lotutako ekintzak egin dituzte gaur Gorlako Natura Egunean. Batetik, natura sustatzeko jolasak egin dituzte; horien artean basoko sokatira eta zuhaitz txapak, eta umeak gustura ibili dira bietan ere. Bien bitartean, zuhaitz landaketa egin dute. Haginak, pagoak eta urkiak landatu dituzte eta atzoko euriak lokatz asko sortu badu ere, ez da hori traba izan, herritar asko eta asko batu baita landaketara.

Kirola eta natura

Gorlako txirrindulari igoera tradizio handiko lasterketa izanik, egun hori baliatzen dute bergararrek Natur Eguna egiteko: "Saiatzen gara egun berdinean egiten; horrela uztartzen ditugu natura eta kirola eta aurten, gainera, mugikortasunaren alorrean udaletik egindako ekarpenek harrera hobea izan dute". Hain zuzen ere, aurten bigarrenez, autobusak ipini dituzte Gorlara igotzeko eta pozik daude izandako harrerarekin, 60 lagunetik gora igo baitira autobusez. Beste askok eta askok oinez egin dute Bergara eta Gorla arteko bidea.

Horren guztiaren ostean, "hamabietakoa" egin dute Gorlako kantinan, ireki berri duten kantinan. "Kant¡na berriz ere ireki da eta Begarako neska gazte batek egin du. Beraz, hona ere berdintasuna ekarri dugu", adierazi du Elena Lete alkateak. Eta gaineratu du: "Jendeari gonbidapena luzatu gura diogu Gorlara etor daitezen, horrela Gorlak, behin izan zuen izaera berreskuratu dezan".

Markel Uriarte gurpil baten gainean

Txirrindularitza proba bukatu bitartean, Markel Uriarte aretxabaletarrak ikuskizun ederra eskaini die Gorla oinez igotzera animatu direnei eta baita txirrindulariak noiz pasako errepidean zain zeudenei. Hain justu ere, Bolutik Gorlara arteko malda bi bider igo du gurpil baten gainean igota. Goiz haizetsua izan da gaurkoa eta horrek zaildu egin dio balentria Uriarteri, baina era berean, San Juan inguruan Etxauriko portuan egingo duen igoerarako entrenamendu polita izan dela nabarmendu du.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak