Ordu eta erdi inguruko emanaldian irailean kaleratu zuten Hau diskoa izan zuten oinarri. "Disko eklektikoa da, aurrekoarekin alderatuz ezberdina da, beste bide batetik doa. Folk progresibo moduan definitu izan dute kritikoek. Nik ez dakit estilo zehatz baten kokatzen; izan ere, musika klasikoan jarduten dut bereziki, aitzinako musika oinarri duten egitasmoetan jarduten dut, honako proiektu hori orain dela lau urte osatu genuen Amsterdamen".
Laguntzaile txikia taularen gainean
Askotariko musika tresnen doinuak entzuteko aukera izan zen atzo Zabalotegin: ukelelea, gitarra, baxua, klarinetea eta sokazko bestelako tresnak ere bai. Ikusleen artean zegoen neskatila bat gonbidatu zuten taularen gainera: "Asier Altunaren, Kixi, alaba izan genuen alboan une batez. Gertukoa dut, familiakoa modu baten esanda, eta horrenbeste tramankulu eramaten ditudala-eta, oholtzara igotzeko eskatu nion horiek jotzen laguntzeko. Aurreko lana ere, Ura patrikan (2013) Zabalotegin aurkezteko aukera izan genuen. Asier Altunaren Zela Trovke film laburraren aurkezpena egin zen orduan. Ni naiz film labur horretako protagonista eta Bergarako emanaldira gonbidatu gintuen, eta gure lehenengo lanarekin kontzertua egin genuen orduan".